2018/12/07

Emakumeen eskubideak auzitan, «FemRights»-en

Irantzu Lekue artistak eta Gasteizko Unesco Etxeak lau hilabetetan garatutako egitasmoaren fruitua da «FemRights» erakusketa, urtarrilaren 13ra arte Montehermoso kulturgunean ikusgai izango dena. Bertan, emakumearen eskubide urraketak salatzen dira arte diziplina desberdinen bidez: kristalezko sabaia, estereotipoak, indarkeria matxista...

|GASTEIZ
1207_kul_lekue

Lau hilabetetan “FemRights” egitasmoarekin Irantzu Lekue artistak bildutako materiala ikusgai dago Gasteizko Montehermoso kulturgunean, urtarrilaren 13ra arte. Lehen solairu osoa hartzen duen erakusketa da honakoa, emakumeen eskubideen urraketa jorratzen duena instalazio, eskultura, performance eta ikus-entzunezko sorkuntzen bidez.

Lekuek Unesco Etxearekin elkarlanean egindako proiektua da hau. Erakunde horren kidea den Jessica Dominguezek esan bezala, emakumea «historian kokatzen du, pairatutako biolentziak eta estereotipoak salatzen ditu, hausnarketa sustatzen du eta ikusezin izan direnak mahaigaineratzen ditu, emakumea ikusaraziz».

“FemRights” erakusketak sei pieza handiz osatutako mikro horma irudiarekin jasoko du bisitaria. Hamabi metroko lana da eta lanaren oinarria horretarako propio antolatutako parte-hartze dinamika bidez sortu zutela nabarmendu zuen artista gasteiztarrak. «Erronka denon artean Giza Eskubideak hizpide izango dituen artelana sortzea izan da. Gero itzulpen artistikoa eman diot horri», adierazi zuen. Artelana Unesco Etxearekin batera osatutako argitalpen eta albisteekin osatu dute, biolentzia matxista hizpide.

Lehen aretoa atzean utzita, erakusketak “Heroi anonimoak” arte instalazioarekin jarraitzen du. Honen bidez, erreferentzia egiten dio historian emakumezko erreferenteak faltan izateari. Berak azaldu moduan, «emakume aitzindariak edo sortzaileak ezkutatu egin dira, ez ikusiarena egin zaie edo gizonezko sortzaileen itzalera kondenatu dituzte, eta gizon horiei egotzi zaizkie emakumeen lorpenak». Dozena bat liburu aurkitzen ditu ikusleak eta, betaurrekoen bidez, liburu horietan izkiriaturik dauden emakumeen izenak ikus ditzake. «Kristalezko sabaiaren ondorioz, emakumezkoek zail dutela erreferente izan ditzaketen beste emakumezko batzuk ezagutzeko adierazi nahi dut, are gehiago, egungo kultura batzuetan ezagutza eta hezkuntza jasotzeko zailtasunak ere badituzte, gurean iraganean gertatzen zen bezalaxe».

“Ikusenzintasuna” artelana da hurrena. Lan honek zenbait emakumeren bizipen traumatikoak edo eskubideen urraketak azaleratzen ditu. «Emakumeen izaeraren eraikuntzan eragiten duten faktoreen aniztasunaren gainean kontzientzia sortu nahi dugu», azaldu zuen artistak.

Ondoan, “Esku-bidea” lana dago non 200 esku zuriren gainean ikus-entzunezkoa proiektatzen den. Areto honetako artelan nagusia, aldiz, “Txikitatik: estereotipoak” lanak hartzen du. Irati Jimenez idazle bizkaitarraren testu bat du oinarri. «Gizarte garaikidea panpinetan eta, bereziki, barbie panpinetan nola islatzen duen aztertu nahi izan dut», esan zuen Lekuek. Barbie panpinek hainbat lanbide irudikatzen dituzte, denak ala denak emakumeen estereotipoei lotuak.

“Ahuldun zaitez” artelanak ikuslearen parte aktiboa eskatzen du. Ate batek emakumearen askatzea islatzen duen gela batera eramaten du. Ikusle batzuk ausartuko dira atea zabaltzen, eta beste batzuk ez.

Azkenik, “Jatorrizko bekatua” lana dago, sagar gorri, ederrez betetako kupula bat dena, edertasun estereotipoei eta elikadurari kritika eginez.