Maite UBIRIA
EROS

HORIAK ETA BESTEAK: BIDEAN TOPO EGITEKO URRATSAK SAIATUZ

Macronek alboratu du erregaien gaineko tasa emendatzeko asmoa, baina xake taulan aldaketarik ez da egon. Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan «bururaino joanen gara» erran ziguten asteazken gauean «txaleko horiek». Atzo, berriz, ikasleek lizeoak blokeatu zituzten Baionan, biharko olatu hori eta berdearen zain.

Gobernu frantsesak ekimen zehatzetara igarotzeko atea zabaldu zuen herenegun. Aintzat hartu zuen, azkenik, azaroaren 17an milaka eta milaka herritarrek txaleko horiak soinean plazaratu zuten eskaera. Urtarrilaren 1ean erregaien gaineko tasak ez dira emendatuko. Alta, moratoria iragarri zuenean gertatu bezala, albisteak ez zuen oihartzunik lortu karriketan.

Legebiltzarrak plana onartu eta bi ordu eskasera, 22.00etan, Gipuzkoa eta Lapurdi arteko pasabideak erabat itxi zituzten “txaleko horiek”. Ohikoa denez, A8an kamioi eta auto ilara luzeak sortu ziren. «Biriatuko ordainlekua sarritan blokeatu dugu baina kamioiak beste bideetara bidaltzen zituzten; oraingoan Santiago eta Behobiako zubiak oztopatu eta Espainiara bueltan bidali ditugu», esan zion GARAri Tomek. Ezker-eskuin aginduak ematen atzeman genuen. «Polizia lanak egitea egokitu zaigu, istripurik ez baitugu nahi», esan zigun, irribarretsu, Pausu-Behobiako espaloi batean izandako solasaldian. Handik metro gutxitara, biribilgunean bertan, garraiolariei protestaren arrazoiak azaltzen zizkieten beste sei bat lagunek.

Orotara 150 bat mobilizatu ziren «kaiola operazioa» onera eramateko. Ekintzaile batek aitortu zigunez, «lagungarria da Tom bezalako pertsona bat ondoan izatea; esperientzia du, polizia izandakoa baita, eta badaki nola eraman kontuak». Hitz egiten ari ginela agente bi hurbildu ziren. Elkarri bostekoa eman eta gaueko protestaren nondik norakoak aipatu zituzten. Migranteak atxilotzeko iraunkorki Pausun izanen den CRSen furgonetatik heldu ziren, baina ez zuten txaleko horien protesta oztopatu. «Gertatu zaigu gau osoan ordainlekua okupatzea eta goizaldera arte ez bidaltzea handik», esan zuen Tomek. Berak bezala inguruko lagun gehienek mugimenduaren indarraren seinaletzat hartzen zuten, nolabait, poliziek beraiekin adierazi duten «errespetua». Ildo beretik, klase borrokaren dialektika zartarazi egiten duten enpatiaz beteriko kontsignak barreiatu zituzten. «Denok sentitzen dugu injustizia berdina, guri ez zaigu geratzen ia ezer eta aberatsak gero eta hobeto bizi dira», adierazi zigun Guillaumek. Baionakoa da, lan mota bi ditu, saioaren arabera, bata soldatapekoa bestea autonomo bezala. «Hemen patroi txikiak, autonomoak, langileak, pentsiodunak... denok gara kexu», azaldu zigun.

Biribilguneetatik lizeoetara

Gobernuak eginiko azkeneko iragarpena «txantxa bat» da, bere irudikoz. Guillaumek argi du: «Macron erori arte hemen izanen gara, nazkatuta gaude gure dirua hartzen diguten boteredun horien harrokeriaz».

Sophiek bakarrik hazten ditu bere haurrak, langabezian dago. Hendaiako taldea osatu zenetik horren partaide da. «Ez nuen zalantzarik izan, denok bezala bizimodu duina nahi dut, hemen emazte asko gara, injustiziak bereziki kolpatzen gaituelako», azaldu zigun. Adin ezberdinetako emazteak eta belaunaldi berrien presentzia ere nabarmentzekoa zen motor hotsen artean iragan zen protestan. Bertan zegoen Samir gazteak aitortu zigunez, «mugimendu espero baino azkarragoa sortu da, egunak pasa ahala gure egoeraren jabe bilakatu gara». Garrantzitsua da, beraren ustez, «norberaren jatorritik harago, denok berdin sentitzea».

«Gauzak hobetzeko premiak» eraman zuen urratsa egitera bere aitarekin batera protesta horretan atzeman genuen Samir. Asmo bera zuten, atzo goizean, Baionan Louis de Foix lizeoa blokeatu zuten ikasleek.

CGT eta Solidaires sindikatuek bihar txaleko horiekin bat egiteko deia zabaldu dute. Larunbat honetan ere aspalditik abiaturiko klimaren aldeko dinamikak plaza hartuko du. Krisi sozial eta politikoaren testuinguruan, zubiak eraikitzearen alde azaldu da Bizi! mugimenduko Txetx Etxeberri.

Reporterre.net atarian idatzitako zutabean, justizia soziala eta urgentzia klimatikoa ardatz, kolore horia eta berdea bateragarritzat jo ditu Etxeberrik, «denok konponbide erabat berdinak proposatzen ez baditugu ere, gaitz berberak pairatzen ditugulako». Tentsio handiko unean honako gonbidapena luzatu zuen euskal ekintzaile ezagunak: «Egin dezagun ahal dugun guztia elkarrekin topo egiteko, batera urrats egiteko eta, ezinezkoa bada, gutxienez, hitz egin dezagun».

Honi buruzko guztia: EROS