Larraitz Ugarte Zubizarreta
Abokatua
GAURKOA

Gutun kolektiboa

Postetxeko gutun zertifikatua neukan eta bertaratu naizenian Jokin Urainen “Amaren etxea” liburua aillau dala ikusi dot. Gogua ezinbestian zuengana fan xat. Eta nola ez, J., zeurekin hastia gurot: zela zauz? Gutun baten zorretan nau, ez pentsau ahaztuta dakotenik. Laguna gerturatu dotzue ta zeuri zigorra luzatu… enegarren kolpia… Gaztañapoto han dau, zeu N.-kin noiz agertuko zai, oin dala 43 urte itxi zeben moura. Han egongo da, han egongo gara bestiok be, zai baina ez geldi.

Zeuretzat be ez zan samurra izango, A., beharlekutako askatasunak izan ohi ez dian lez. Inuxentiak izan ez arren ilusinorako arrazoiak geunkan ta, elkarrekin bazkaldu geben azkeneko aldixan. X., laster ikusiko gara, hurrengo seihilekuan pare bat bider bederen. Bigarren X. bat be badaku herrixan ta zeu kalian gura zaut ikusi, ze poza!!! Ta zeu, A., herritik urte luzez urrun egonda be, oin zuluan, herriraketako ilusinoz ezagutu gura zaut. Zuretzat E., ez dau kontsuelorik, hildako alaben oroimena mina denporian poderioz hain minkorra ez izatia baino, baina Kale Nagusixan bere argazkixa eder ageri da, ta hola zeuek ezezik herriko inork ez dau ahaztuko zenbat gura izan eben eta zenbat emun eben.

Herrittik kanpokuetara be fan xat gogua: nola ez, K., zela zauz? Zulo ilunenian be indartsu zauzela jakin dot. Alaben postala GARAko artikulu hau baino lehenau aillegauko ahal da… Esan dost A.-k beti irakurten doztazula eta jakizu etxian asko akordaitten garela zutaz. G. eta X., zuek nire bizitzako beste fase baten ezagutu zintuztedan eta biok galdu duzue maitte izan duzuen hori. Gabonak triste edo malenkoniatsuak izango dira, seguru. Jaso laztan haundi bana. Zure postala, G., ondiok hemen daukat, mesanotxean, zu atera arte gordeta, hainbestekoa izan zen eman zenidan indarra hura irakurtzerakoan!. Zuek, M. eta I. laster ikusteko plana egiten nabil, zuen amari esan nion lez. I., zaindu zure irrifar kementsu hori eta zaindu zure bi txikik, jateko modun daude. F., maitasuna intentsuago eta maizago bizitzeko aukera sortu zaizun honetan ez dakizu zenbat pozten naizen biongatik! Ta A., zer esango dizut zeuri ez dakizunik? Asko gura zaitugula, zurekin luzez berba egitia dela bizitza honetan daukadan plazer haundienetako bat. Hiru aste baino ez dira falta eta zerrenda egiten ari naiz… hainbeste daukat esateko...

Hemen kanpoan gauzak nola ikusten ditudan kontatu nahi dizuet guztioi. 2018an agian gutxiegi baloratu ditugun pausu andana eman da, gerturatze batzuk tarteko, bereziki estatu frantsesak eginak baina Estrasburgotik berriki jasotako kolpeak albiste onenak ere desitxuratu egin dizkigu. Hauek ez daude guri ezer oparitzeko, ezer barkatzeko, orriari buelta eman eta beste istorio bat besterik gabe idazten hasteko. Hauek gerran daude, gutako askori ahaztu arren hau gerra bat da eta hauek ez dute gure aurkako gerra besterik gabe amaituko. Guk, aldiz, hartuko ahal dugu berriro gerra amaitu ez den kontzientzia? Areago, herri bat askatzeko gerra egin beharra dagoen konbentzimendua? Moduak eta baliabideak aldatzeak ez du gerrarekin bukatzea esan nahi. Gerraosteko giroa nagusitu da, momentuz, itxaropenerako zantzuak ikusten ditudan arren. Normala izango da akaso.

Batzuentzat barran besoak pausatu, eskuin eskuaz zuritoari trago luze bat bota eta ezkerraz semearen Gore Tex-a eutsi bitartean antzinako garaiak goraipatu eta oraingoak gutxiestea asteburuko jarduera interesgarri bilakatu da. Ez da ezer egiten ezerk ez duelako erakartzen. Nik ezker independentista antolatuak baino gehiago dakit eta epika bat jartzen ez didaten bitartean ez dut ezer egiten. Holako asko egongo ziren Durangoko Azokaren karira bertako tabernaren batean, Bilbon milaka batzuk (baina ez izan beharko ginatekeen milaka nahikoak) espainiar Konstituzioaren 40. urteurrenari aurre egiten genion bitartean. Ez da nahikoa epiko seguruenera. Barran besoak pausatzen dituzten askok, ordea, tranpa egiteko joera nabaria dute eta ez dira ohartzen besteok memoria dugula eta edozein epikaren amaiera baino urte batzuk lehenago erabaki zutela konfortaren eremu goxora salto egitea. Hori aitortzea erraza ez bada ere, umiltasuna da aukera duinena. Ezkerraren infantilismoaz hitz egiten zuen sare sozialetan irakurri nuen analista batek Andaluziako ezkerreko jendearen abstentzioaz hitz egiterakoan, epikarik gabe paso egiten dutela dioten horien jarrerari buruz, badirudielako hauteskunde batzuetan azken ideala bozkatu behar duzula, errealitatean auzoan anbulatorio bat izatea erabaki dezakezunean soilik. Ñabardurak ñabardura, pose horretatik badagoela iruditzen zait gure lurralde hauetan ere, epika bandeja batean zerbitzatu behar zaiela uste duten horien partetik.

Beste batzuek gerraoste testuinguru hau profitatu nahi dute ezker independentistari egurra emateko, hauek ere ahantziz memoria badugula eta beti izan dutela ezker independentistari egurra emateko afizio latza. Hor daude “-ista” asko eta, noski, “-ismoen” borrokan denek irabazten gaituzte. Edonork esan dezake gu baino feministagoa, sindikalistagoa, sozialistagoa, ekologistagoa dela, lehen antimilitaristagoa zen bezala. Denak ala gehienak iraultzailetasun lezioak ematen sozialdemokraziaren atzapar ilunetan erori garen erreformistoi. Nik neuk esanen nuke “-istaren” bat izatekotan moralistak direla beste ezer baino lehen, besteon aurrean ezker puruagoaren ordezkari, bai, baina errealitatea modu eraginkor batean aldatzeko hankak lokatzetan sartzeko fobiarekin. Ni agian praktikoegia naizelako izango da eta ez hain “ideal-ista” baina emaitzen kontuak motibatzen nau ni lemek baino gehiago. Eta hor, ezker independentistak eta bere gizon eta emakumeek urte luze hauetan eraman duten praktika eraldatzaile, iraultzaile eta ausartak lortutako emaitzek edozein iraultzaile “pur-istaren” errespetua guztiz irabazita eduki behar luketela uste dut. Ez nago prest edozeinen –izan sindikatu garrantzitsu bateko kide edo txiolari intelektual– leziorik onartzeko milaka pertsona militanteon urteotako eta egungo jardunaren gainean.

Azkenik, bada benetan gerraosteak eragin duen jende zintzo andanaren etsipen edo desafekzio bat. Kataluniako procés-ak momentu batez esnarazi eta berriro itzali duen jende militante zintzoa. Epika berri bat sortu beharko dugu, kontraesanen munduan murgiltzen ikasi, taktikoa eta estrategikoa berezitu, baina hau ez da gerra galdu bat eta herri hau ezin da erresistentzia fase batean sartu, erregionalistek nahi luketen bezala. Gerra ez da amaitu eta ezin da helburu politikoak lortu arte bukatu; haiek gerran jarraitzen dute eta guk ere gerrarekin jarraitu behar dugu. Eta zer nahi duzue esatea, ni zuek denok urte hauetan erakutsitako indar eta konpromisoarekin fio naiz beste ezerekin baino gehiago. Antolatuta eta borrokan behar zaituztegu.

Amaitzen joan behar dut. 2018a zuei idazten amaitu nahi nuen, Gabonetan nahitaez beti joaten baita zuongana gogoa, batzuontzat ia hamarkada bat pasa bada ere etxeko aulkiak beteta ditugula, beti oroituko baikara beste batzuen aulki hutsez. 2019a ere zuekin pentsatzen hasiko dugu, zuen etxeratzea eskatzen. Urte oparoa izatea espero dut, zuoi dagokizuenean zer esanik ez, alde guztietatik beldurra (gehiegi) aireratzen dabilen arren. Casadok esan berri du zuoi neurriak gogortu behar zaizkizuela. Berriro ere espainiar hegemoniarako erabilgarri zarete, zein gogorrago, hauteskunde lehian orduan eta gorago. Gerra ez da amaitu, espainiarrentzat ez behintzat. Nire itxaropena da barruan bezala kanpoan ere ez dugula guk gerra amaitutzat eman; eta beti egin ohi izan dugun lez, antolakuntza eta borrokari lotu gatzaizkiola, gure helburuak lortu arte.