ELB zigortu dute ahate sanoak hiltzeko agindua trabatu zuelakoan
Paueko auzitegiak bere deliberoa ezagutarazi zuen, atzo, hegazti gripearen garaian ahate sanoak hiltzeari uko egin zioten euskal laborarien aurka zabalduriko auzian.
Iragan azaroaren 5ean epaitu zituzten Barkoxeko Uhartia etxaldeko buru Cathy Chabalgoity eta ELB sindikatuko ordezkari Panpi Sainte-Marie.
2017ko apirilean Uhartian izandako gertakariak hartu zituen ardatz prokuradoreak. Bertan bildutako 300 bat lagunek departamenduko arduradun sanitarioei (DDPP) etxaldean sartzea eragotzi zieten. Horren ondotik, Pirinio Atlantikoetako prefetak Uhartia zein bertze etxalde bi zaintzapean ezarri zituen. Ondoko hilabeteetan haztegietan eginiko analisi guztiek, ordea, kutsadurarik ez zegoela baieztatu zuten.
Epaileak bere etxaldean gertatutakoaz errugabetzat jo du Cathy Chabalgoity laboraria. ELBri, ordea, 5.000 euroko isuna ezarri dio, eta horretaz gain, DDPP osasun zerbitzuari kalte-ordain gisa 2.000 euro ematea ere agindu dio epaileak sindikatuari.