GARA
BILBO

EAEn bizi diren migratzaileen kopurua %2,1 jaitsi zen pasa den urtean

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi diren migratzaileen kopurua %2,1 jaitsi zen 2017an eta EAEko biztanleriaren %7 dira. Datuok Eustatek zabaldu zituen atzo, baita lehen seihilekoan jaiotzak jaitsi eta heriotzak igo direla azaldu ere, 3.625 herritarreko saldo negatiboa sortuz.

2018ko urtarrilean, 152.187 migratzaile bizi ziren EAEn, Eustat estatistika institutuaren datuen arabera. Zifra hori kontuan hartuta, 2017ko urtarrilarekin alderatuta, %2,1 gutxitu da migratzaileen kopurua, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleria osoaren %7 dira.

Herrialdeen errealitateari dagokionez, Araba da migratzaileen kopuru handiena duena, eta kasu honetan biztanleriaren %8,7 dira. Gipuzkoan, %7,2 dira eta Bizkaian, %6,4.

Horien jatorriari erreparatuta, amerikarrak dira EAEn bizi diren migratzaile gehienak, etorkinen %35, hain zuzen ere. Estatu espainolean, %24ra heltzen dira. Nikaragua, Kolonbia, Bolivia eta Paraguai dira jatorri nagusienak, EAEko migratzaile guztien %18,2 dira eta nazionalitate amerikarra duten biztanleen %51,8.

Beste datu adierazgarri bat eskaintzen du estatistika institutuak honekin lotuta, EAEn bizi diren amerikar nazionalitateko herritar gehienak emakumeak dira, %63, hain zuzen ere.

Herrialdeka, Bizkaian gehiengoa dira jatorri amerikarrekoak (%60); Gipuzkoan nolabaiteko oreka dago europar eta amerikar jatorrikoen artean, eta bereziki handia da amerikarren artean Honduraseko komunitatea (jatorri honen EAEko %68); eta Araban, gehiago dira afrikarrak. Kolektibo honek Arabako migratzaileen %38 ordezkatzen du, jatorri amerikarrekoak ez dira %26ra heltzen eta horien laurdenak kolonbiarrak dira.

Saldo begetatibo negatiboa

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi diren migratzaileen jaitsierarekin batera, kezkatzekoa den beste fenomeno demografiko bat adierazten dute datuek, jaiotza tasaren etengabeko jaitsiera, hain zuzen ere. Zabaldutako zifren arabera, EAEn %7,2 jaitsi da urteko lehen seihilekoan. Aipatutako epe horretan, 7.794 haur jaio dira, eta epe berean 8.398 jaio ziren 2017an.

Horrekin batera, heriotza tasaren igoera erakusten dute estatistika datuek. EAEn, %1 igo zen urteko lehen sei hilekoan, eta jaiotzekin alderatuta kalkulatzen den saldo begetatiboa negatiboa izan zen, 3.625 herritarren aldearekin.