Josu Naberan
KOLABORAZIOA

Herri nortasuna

Zertan datza herri nortasuna edo euskal sena? Ez da esentzia aldaezin bat, jakina, eta bere alde negatiboak nahiz positiboak ditu. Hemen azken hauen hautua egingo dugu, jendarte justuagoa (kapitalista, hierarkikoa eta patriarkala izango ez dena) eraikitzen lagun dezaketenak aipatuz. Hona hemen euskal senaren sustrai batzuk:

Europa indigena. Lehen oinarri ezagunena (arkeologo nahiz antropologoek oso ondo ikertua eta dokumentatua) Europa Zahar edo indigenarekin euskaldunok partekatzen dugun garai preindoeuroparra da, gutxienez 5.000 urtetan zehar garatu zena Europa neolitikoan. Zibilizazio honen ezaugarri nagusia matrismoa edo andere-arauzko zibilizazioa izan zen, hau da: natura, oro har, emakume bizi-emaile gisa irudikatu zuten, bai artean, kulturan eta ohituretan. Ur-lurren (kosmos) eme-pertsonifikazioa ageri da orduko milaka iruditan. Hortik emakumearen ospea eta prestigioa gizarte hartan. Hainbeste milurtetako zibilizazio horren eragina sakona bezain iraupen luzekoa izan da euskal sinbologian eta idiosinkrasian, batez ere XVI. mendera arte, eta zenbait aztarna ia gaur arte.

Horietariko bat Mariren (Dama, Saindia edo Anderearen) mitoa da. Hona hemen mito honen ezaugarri nagusia: emakume gisa aurkezten zaigu, osagai maskulinoak ere barne hartzen dituela (Sugaar, aharia, zaldia…); ostera, mito indoeuroparrean idolo maskulinoa da eredu. Horrez gain, Marik natura bere horretan den bezala irudikatzen duenez, ona zein txarra asumitzen ditu. Ez dago ona/txarra manikeismorik, ezta naturaren irudipen bukolikorik. Gainera, kontrarioak barne hartzen ditu, dogmatismoak egiten ez duena. Azkenez, euskal mitologian ez da agertzen naturaz gaindiko izaki edo eremurik. Mari bera ez da naturaz gaindikoa; giza gatazkek sortua, hori bai, baina ez naturaz gaindikoa. Gure jatorrizko mitoan naturaz bestelako izakiak (preternaturalak) ageri dira –lamiak eta abar–, baina ez naturaz gaindikoak (sobrenaturalak). Erlijio kristauak eta islamismoak, ordea, naturaz gaindiko izaki eta eremua dute oinarri eta ardatz.

Zuzenbide piriniarra versus erromatar-germanikoa: Etxea da zuzenbide piriniarraren zutabe nagusia. Etxeak bere osotasunean irautea. Eta hor amaren ildoko oinordetza ageri da. Eredu matrilineala, beraz. Etxeko andereari dagokionez emakumeak du protagonismoa, etxearen kudeaketan eta ordezkaritzan: elizako sepulturaz arduratzea, etab.

Auzoa, auzotasuna eta auzolana dira beste zutabea. Auzotasuna bermatzeko ohitura ugari: horietariko bat hileta elizkizunak izan dira, W. Douglas kaliforniarrak ikertu zuenez Murelagan. Sen horren barruan kokatzen ditut egungo auzo mailako hainbat ekitaldi, ospakizun eta abar, baita auzolana eta batzarra (erabakiak hartzeko funtzionamendu horizontala). Etxea kasik desagertu ondoren, auzoak eta auzolanak sekulako potentzialtasuna dute gurean. Horiek biziberritzean datza gakoa.

Lur eta baso komunalak. Zuzenbide piriniarraren beste zutabe bat. Nafarroa konkistatua izan ondoren, lurraren pribatizazio etengabea gertatu den arren, oraindik geratzen dira euskal komunitate senaren hainbat arrasto.

Ez dago azaldu beharrik zuzenbide erromatar-germanikoak gurearen kontrako legeak, ohiturak eta idiosinkrasia inposatu dizkigula: kolektiboan barik pribatuan oinarrituz, komunitatean barik norbanakoan, etxekoandrean barik paterfamilias delakoan, etab.

Horrela, gaur egun Europa osoan eta mundu zabalean indarrean dagoen zuzenbideak, beraz, zuzenbide erromatarrean du sustraia, zeinak norbanako pribilegiatua duen ardatz (CIVES erromatarra). Horrek gizarte-klaseei, kapitalismoari, indibidualismoari eta patriarkatua indartzeari eman dio bide, jatorrizko euskal sena aldatuz joatea eraginez.

Euskara. Euskal pentsamendu edo nortasunaren edukia transmititzen digun tresna nagusi eta ezinbestekoa da. Bera barik euskal senaren eraikina hondoratu egingo litzateke. Ikuspegi askotatik azter daiteke euskara. Goian landu dugun arloari atxikiz, euskararen egiturak, inguruko hizkuntzenak ez bezala, parekidetasun desberdindua esleitzen die andre nahiz gizonari: hika tratamenduan, senidetasuna izendatzean, etab.

Naturaren ezagutza eta lurrarekiko atxikimendua. Nafarroa konkistatu ondoren, milaka lagun, gehien-gehienak emakumeak, erre zituen Inkisizioak 1540 eta 1700 bitartean. Sendagileak, emaginak, sendabelarretan, botanikan eta alkimian adituak. Naturaren ezagutza sakona zuen jendea, “sorgin” hitza deabrututa geratu zelarik.

Naturaren zikloak eta lur bizi-emailea halako intentsitatez ospatzen zuen andere-arauzko zibilizazio hura berreskuratzea besterik ez daukagu. Badirudi gaur egungo jendartea kontzientziatzen ari dela klima-aldaketaz, ingurumena pozoitzeaz, gerren injustiziaz, migrazio masiboen miseriaz.

Intsumisioa. Ez digute irakatsi, baina intsumisioaren memoria sakonak bezain etengabeak elikatzen du euskal sena. Erresistentziak eta errepresioak markatutako herria gara. Hasteko, II. mendetik V. mendera arte jauntxoen eta erromatar inperioaren aurka altxatu ziren nekazari-talde txirotuak (bagaudak). Kontuan hartu, egun, txirotuen klase berri bezain zabala sortu dela (hemen 800 euro baino gutxiago jasotzen dutenak). Harrezkero, hainbat desobedientzia, heresia eta intsumisio izan da gurean. Oraintsu, Espainiaren zerbitzurako soldadutza amaitzea lortu zuen intsumisioa, eta geroztik, etengabeko borrokak ezagutu ditugu arlo guztietan: frankismoaren kontra, euskal presoen alde, murrizketen kontra, esklabo-lanaren kontra, pentsio duinak eskatuz, Emakumeen Martxa eta abar.

Berba batez, ingurumen osasungarri bat lortze aldera, naturarekiko begirune eta enpatia hura berreskuratu beharra dago, emakumearen ahalduntzearekin eta intsumisioarekin batera, gure nortasuna berreskuratu eta, herri zapaldu guztion artean, gizarte aske eta justuagoa eraiki dezagun.