Maria del Rio
Zuzenbidean doktorea
JO PUNTUA

Iragana ahazteko lasterketa

Azken asteotan, industria turismoaren hausnarketari lotuta, Jaurlaritzak euskal industriaren ondare baliabide nagusiak indarrean jarri nahi izan ditu. Eskainitako bisita gidatuen, zineforumen eta bestelakoen helburua industria baliabideen garrantziaz sentsibilizatzea izan da. Arkitekturan eta hirigintzan adituak ez garenontzat, jakintza horien izaera politikoa birgogoratzeko aukera ere izan da.

Gure orain-oraingo historia industriari erabat lotuta dagoela ukaezina da eta horrek eragin handia du gure gaurko gizartean; horregatik, jaso dugun ondarea gure izaeraren ezaugarria dela esan dezakegu. Zoritxarrez, industria ondarea desagertzen ari da, Jaurlaritzaren bultzadarekin 20 urtean hondarrak modu sistematikoan suntsitzen joan dira ia-ia oihartzunik gabe. Horren harira sortutako gizarte eztabaida eta batez ere izandako erantzuna, salbuespenak salbuespen, oso eskasa izan da. Akaso Kukutzaren defentsa izan da salbuespen horietariko bat. Baina gaur egun asko da oraindik arriskuan dagoena, iragana ahazteko lasterketak jarraitzen du.

Suntsipenarekin batera 90eko hamarkadatik aurrera hirien birsortzea gertatu zen. Bereziki adierazgarria da Bilbon gertatutakoa, hiria kontsumo turistikoko marka bihurtu nahi izan da; hiriaren erdialdea behintzat. Itxuran ederragoa eta errentagarriagoa da, baina ez jasangarriagoa; eta batez ere arimarik gabeko hiri bilakatu dute.

Edozelan ere, ondareari buruzko politiken helburua ezin da izan memoria monumentalizatzea, malenkonian murgiltzea eta finean turismo industriako kontsumo produktu bilakatzea. Halere, gero eta homogeneoagoak diren herri eta hirietan industriaren aztarnak elementu bereizgarriak dira. Zaharberritu daitezke eta bizia eman ahal zaie, Europan zehar adibideak ugariak dira. Hiriei nortasun berria emateak ez baitu esan nahi iragana ukatu behar denik. Hirian bizi garenok ezin gara izan idatzi ez dugun antzerki baten aktoreak. Nazio Batuetako Garapen Jasangarrirako 2030 agenda ospetsuak zehazten duenez, hirigintza parte-hartzailea, integratua eta jasangarria izan behar da. Baina era berean, kultur ondarea babestu eta zaintzeko eginkizuna ezartzen du. Ez dezagun gure iragan hurbila hain erraz ahaztu.