GARA
Bilbo

Lan etenaldia egingo dute gaur Correoseko langileek, asteazkeneko heriotza salatzeko

Correoseko enpresa batzordeak, sindikatu guztien babesarekin, elkarretaratzea deitu du gaurko, Bilbon, asteazkenean enpresa bereko langile bat hil zela gaitzesteko. Felipe M.B., 46 urteko Correoseko aldi baterako langilea, Elorrion hil zen trafiko istripu batean.

Behargina korrespondentzia banatzen ari zela, bere motorrarekin autobus baten kontra talka egin zuen. Bi hilabeteko aldi baterako kontratua zuen eta azaroaren 20an hasi zen Correosen lanean.

Atzo lan etenaldia eta elkarretaratzea egin zuten enpresako langileek Bilboko Correosen egoitza nagusiaren parean, eta gaur ere berdin egingo dute, eguerdiko 13.00etan.

Batzordeak salatu zuen lan karga jasanezinak pairatzen dituztela, aldi baterako kontratatutako langileen formazio falta eta «Correosen gora egin duen» lan prekaritateaz gain.

ELAk adierazi zuen heriotza honek argi utzi duela «murrizketek lan ezbeharrak eta heriotzak» eragiten dituztela, eta gogorarazi zuen Correosen gertatutako bigarren heriotza dela asteazkenekoa, abuztuaren 28an 37 urteko behargin bat hil baitzen Gasteizen.

LABek nabarmendu zuen heriotza hau ez dela kasualitatea izan, «prekaritatea» baizik. Erakundeei, Lakuari, Lan Ikuskaritzari eta Osalani prebentzio politikak ezartzeko dei egin zieten.