GARA
BILBO

Presoen auzia konpontzeko aldarria espetxeetara helduko da Gabonetan

Estatu espainolaren blokeoa oraindik nabarmena delarik, Kalera Kalerak deia egin du aurten ere Zaballa, Martutene eta Basauriko espetxeetara joateko, baita hilaren 22ko manifestaziorako ere.

Sortuk, LABek eta Ernaik osatzen duten Kalera Kalera dinamikak Eguberrietan egingo dituen mobilizazioak aurkeztu ditu. ‘‘Bada garaia. Presoak kalera’’ izango dute lelotzat, eta konponbide integralaren beharra aldarrikatuko dute. Zaballa, Basauri eta Martuteneko espetxeetara martxak egiteaz gain, Iruñean manifestazioa deitua da hurrengo larunbaterako, hilaren 22rako, hain zuzen ere.

Haimar Altunak eta Oihana San Vicentek nabarmendu zutenez, ezker abertzaleak «egindako borrokari eta lanari esker», Estatu espainolaren kartzela politika «ankerra baldintzatzea eta pitzatzen hastea» lortu da azkenik eta orain, PSOE Gobernura iritsi dela, «gure ildoa egokitzen asmatu behar dugu».

Kalera Kaleraren aburuz, Estatuaren politikarekin «apurtzeko eskemak baliagarria izaten segitzen du, baina egoera berrira egokitu behar dugu» eta «unea ondo interpretatu». Horretarako, beharrezkotzat jotzen du euskal jendartearekin konponbiderako agenda adostea. Izan ere, hau «ez da ezker abertzalearen auzia» eta Euskal Herrian, bizikidetza eta bakea lortzeko, «denok dugu ardura aurreko zikloa era integral batean ixteko».

Altunak eta San Vicentek adierazi zutenez, horrek konpromisoari eustea eskatzen du, eta «arduraz jabetzea». «Estatu espainiarraren blokeoa eta ‘garaituen eta garaileen eskema’ gainditzeko ezinbestekoa izango da gu guztion lana eta kemena», erantsi zuten.

Agenda horrek, Kalera Kaleraren iritziz, lehentasunei heldu behar die lehendabizi, «egoerarik premiazkoenei» irtenbidea bilatuta, hau da, presoak Euskal Herriko espetxeetara gerturatzea, gaixorik daudenak kaleratzea, lehen gradua «sistematikoki» erabiltzeari uztea eta beste Estatu batean betetako zigorrak aintzat hartzea.

Hori guztia aldarrikatzeko, abenduaren 22an (larunbata) Zaballara martxa egingo dute, Subillanatik abiatuta (11.00). Egun berean, arratsaldean, manifestazioa aterako da Iruñeko autobus geltoki zaharretik (18.30), toki ezberdinetatik abiatutako zenbait zutabek bat egin ostean. Abenduaren 30ean (igandean), Martutenera martxa antolatu dute eguerdirako, Hernaniko Zinkoeneatik (10.30) eta Egiako epaitegitik (11.00) abiatuta. Eta Gabon zahar egunean, astelehenean, beraz, Basauriko espetxera joango dira, udaletxeko plazatik aterata (12.30).