Haritz LARRAÑAGA
DONSOTIA
Surf

Gabriel Medina eta Joel Parkinson protagonista Pipelinen

Pipelineko txapelketak aurrera egin ahala jakingo dugu aurtengo WSL munduko titulua nork lortuko duen. Gabriel Medina lehiakidea da aukera gehien dituena. Triple Crown itzuliko saria irabazteko faboritoa, berriz, Joel Parkinson da, erretiratzeko asmoa iragarri duena.

Mundu mailako itzuli eta txapelketa gehienak amaitu dira, baina oraindik garrantzitsuena falta da, aurtengo munduko txapelduna nor izango den erabakiko duen lehiaketa, Pipe Masters mitikoa. Jada lehen erronda amaituta, pixkanaka finkatzen doaz surflari bakoitzaren postuak WSL rankingean eta munduko titulua nork eskuratzen duen ere datozen egunetan jakin ahal izango dugu.

Gabriel Medina 23 urteko brasildar gaztea da ranking orokorrean lehen postuan dagoena, eta ondorioz, aurtengo txapela eskuratzeko aukera handiena berak du. Badira, ordea, txapela eskuratzeko aukera duten beste bi lehiakide, 30 urteko Julian Wilson australiarra eta 23 urteko Filipe Toledo brasildarra.

Bestalde, Triple Crown itzuliko azken txapelketa ere bada Pipelinekoa, eta beraz, aurtengo koroa hirukoitza ere jokoan dago. Joel Parkinson da titulu preziatu hau irabazteko aukera gehien dituena eta lortuko balu gainera, laugarren aldiz eskuratuko luke Hawaiiko koroa.

Lehiakide australiarrak, gainera, profesional gisa lehiatuko den azken txapelketa izango dela iragarri zuen; beraz, bere ibilbideari amaiera eder bat emateko aukera ezin hobea du 37 urteko australiarrak.

Agertoki posibleak

Egun Gabriel Medina da buru mutilen Top 34 rankingean. Brasildarrak 56.190 puntu bildu ditu bederatzi txapelketetako emaitza onenak kontuan hartuta (WSL zirkuitua 11 txapelketak osatzen dute). Bere atzetik, bigarren postuan Julian Wilson eta Filipe Toledo daude, 51.450 punturekin berdinduta.

Gainerako lehiakideek, Pipelinen irabaziz gero ere, ez dute aurtengo munduko titulua eskuratzeko aukerarik. Aipatu hiru surflariek soilik eskura dezakete aurtengo WSLM txapela eta agertoki posibleak hiru baino ez dira.

Medinak Pipelinen lehen edo bigarren postua eskuratzen badu, hau da, finalera iristea lortzen badu, zuzenean WSL munduko titulua eskuratuko du. Hirugarren postuan amaitzen badu, ordea, Toledok eta Wilsonek 2018ko txapela irabazteko aukera bat izango lukete, baina horretarako Pipelineko txapelketa irabazi beharko lukete.

Aitzitik, Toledok edo Wilsonek finalera iritsi eta bigarren postua eskuratuko balute, orduan Medinak emaitza txar bat izan beharko luke (hirugarren errondan edo lehenago kaleratua izatea) beste bi lehiakideetako batek munduko titulua irabazi ahal izateko.

Hasi da ikuskizuna

Joan den astean hasi zen Pipe Masters txapelketa. Bi eta hiru metro arteko olatuak izan ziren, urautsi mitikoak duen potentzialari etekina ateratzeko apur bat eskasak, baina ikuskizun ederra izan zen, lehiakideek denetariko ariketak egin baitzituzten, eta batez ere, aurtengo munduko titulua eskuratzeko dauden aukerek sekulako ikusmina sortu baitute.

Medinak sasoian dagoela erakutsi zuen. Olatu zailetan airekoak egiten zuzenean hirugarren errondara pasatzea lortu zuen. Julian Wilson ere fin aritu zen, eta Medinak bezala, hirugarren errondarako pasea poltsikoratu zuen.

Toledok, ordea, ez zuen nahi bezalako emaitza lortu, lehen mailan jarraitzea edo bigarren mailara jaistea jokoan duen Matt Wilkinsonek garaitu baitzuen brasildarra. Ondorioz, Toledok bigarren errondan lehiatu eta Benji Brand hawaiiarra garaitu beharko du hirugarren errondara iristeko.

Wilkinsonek onartu zuen Piepelineko txapelketarako entrenamendu berezia egin duela, baina kexu zen; «egunero ibili naiz hemen tuboak egiteko prestatzen eta gaur txapelketan ez zen tuborik, baina bizkarkako bira pare bat lekuan egitea lortu dut eta kontent naiz».

Wilkinsonekin batera datorren urtean Top 34an jarraitzeko kili-kolo dagoen beste lehiakidea Joan Duru frantsesa da. Duruk emaitza txukun bat eskuratzen ez badu, lehen mailatik kanpo geratuko da, bigarren mailan ere ez baititu behar adina puntu bildu. Pipelinen ez zuen lehen erronda pasatzea lortu; beraz, bigarren aukera bat izango du bigarren errondan, baina hori ere pasatzea lortzen ez badu, Top 34tik kanpo geratuko da Landetako surflaria.

Koroa hirukoitza

Pipelineko txapelketa, CT itzuliko azken txapelketa izateaz gain, hiru txapelketek osatzen duten Triple Crown itzuliko azken lehiaketa ere bada. Itzuli labur honetako rankingean Joel Parkinson da buru. Australiarrak Haleiwako txapelketa irabazi zuen eta Sunseten laugarren errondara iritsi zen.

Atzo gauean, artikulu hau idazteko orduan, bigarren errondako txandei hasiera eman zioten Hawaiin; beraz, artikulu honetan jaurtitako zenbait galderak erantzuna izango dute dagoeneko.

Honi buruzko guztia: Surf