Ariane KAMIO

Baltsa(ma)tua?

Euskarazko irakurleekiko kezka, literatura ekoizpena, sarien balioa, etorkizuneko proiektuak eta aurten emandakoaren zertzelada batzuk doaz hurrengo lerroetan, arrakaletara hurreraketa bat, amildegi ertzetatik botatako itaunak, datozen hilabeteetarako gogoeta gaiak.

Urtebete badoa gizakionean, ez hala, ordea, imajinario literario pertsonalen pen-klubetan, liburu arteko denboran pausaldi eta igaro zehazturik ez baita, obra bakoitzaren bizi esperantza aldakorra nola. Imajinario letristiko bat, eguneko eta gaueko izaeraduna, aldakorra berau ere, baina imajinarioa, finean.  

Partekatutako geruza artistiko horretan izan badira izar gorenak, eta are arrakala ilunak. Argi-itzalak. Endorfina iturri askatzaileak eta buruko minak. Aurreratu zuen martxoan Siadecok Elkar Fundazioarentzat egindako ikerketan euskaldunon gehiengoak erdaretarako joera duela kultur kontsumoan. Traba nagusia, hizkuntzan irakurtzeko zailtasuna. Jabetzarik gabeko hiztunen argazkia. Hernia sabelaren ituan. Digestio uzkurtua.

Nago euskal literaturarena ez dela baltsa geldo baten tankerakoa, gero eta zabalagoa badela ere duen ekoizpen handiagatik, baina uhin sortzaile izatera iristeko nahikoa ahalmenik gabea. Putzu gozatua.  

Ez da denbora asko Durangoko Azokaren azkena igaro denetik. Jendetza hurbildu da. Iazko urteetan ez bezalakoa, ohiko bihurtzen ari baitziren egun eskasak Landakoko egutegian. Baina 53. honetan beste «alaitasun» bat izan delakoan dira argitaletxeetan, poz ekonomiko bestelako bat.

Zalantzarik ez da euskal literaturak ekoizpena baduela. Zabala da amalgama, idazleak adina merkatukoa. Baina zein norabidetan doa produkzio hori guztia? Ez ote da (gara) konformatzen ari presentzialismo oinarrizko batekin? Ordenantza kritiko-literario batek, ala irakurle gehiago eskuratzeak emango lioke olatua baltsa(ma)tutako putzuari?

Ala utikan? «Baieztatu ahal izan dugu, urterik urte, gero eta ageriago, sarion helburua ez dela literatur kalitatearen gaineko ebazpen zintzoa ematea». 2007an Euskadi Sarien karietara idazle talde batek sinatutako manifestuaren lehenengo puntua da. Hamabi urte joango dira geroztik datorren otsailean. Mantendu ahal dira adierazpide horiek egunotan? Badute sariok prestigio literariorik? Ala gehiago dute ontasun ekonomiko eta publizitariotik? Galderak amildegiaren ertz batean.

Eta arrakalak hor dirau. Badira manifestu hura gaurkotasunean mantentzen dutenak. Koldo Izagirre, Mikel Peruarena, Oier Guillan eta Josu Landa dira adibide garaikideenak. Utikan! Eta utikan!

Eta bada alde erantzirik. Asier Serrano eta Eider Rodriguez, berriena. Berriena eta ezohikoena, sarion historian lehen aldiz idazle berberak bi kategoriatan irabazi baitu saria edizio berean. Baina etxe honetako lankide baten gogoeta ezin lerrootan itsatsi gabe utzi. «Ez al gara denok, Ariane, gure kontraesanekin bizi?», diost. Baliteke hark ere arrazoi izatea. Arrazoirik inon izan baldin bada. Edo inork inon aurkitu badu.

Mundura

Bada euskal letrak nazioartean xahutzen dituenik ere. Atzerrian bizi diren idazleak (Irati Elorrieta, kasu; edo Joseba Sarrionandia kubatartua bera) eta atzerria etxeratu nahi duenik ere. Kirmen Uribek New Yorkeko Bosgarren Etorbidean izango du habia 2019an urte erdiz. Irailean abiatu zuen bertako liburutegi publikoko Cullman Center sorkuntza bekak eman dion egonaldia eta udaberrira bitarte luzatuko da. Liburutegiko sagu izatea izango da (eta izaten ari da) bere egitekoa, aske, ez baitu egonaldia amaitzean proiektu zehatzik aurkeztu beharko. Baina aurrez ezarritako helburuekin da Uribe New York hirian. “Bilbao-New York-Bilbao” (2008), “Mussche” (2012) eta “Elkarrekin esnatzeko ordua” (2016) eleberrien ondoren, bere ibilbideko lehenengo fikzioari eustekotan da idazle ondarroarra. Beka eskuratzeko aurkeztutako asmoaz hitz egin zuen joan den apirilean. «Aurkeztutako egitasmoa desberdintasunaren ideiatik bideratu nuen. Ni neu emakume feministen semea naiz. 70eko hamarkadako emakume feministen semea, eta konturatzen naiz gure haurtzaroan eragin handia izan zuela horrek. Emakume horiek. Eta beraien lagunak zirela pixka bat desberdintasuna aldarrikatzen zutenak, izan zitezkeen gay-ak, lesbianak... edo gizartea ikusteko, bizitzeko, beste era batzuk planteatzen zituztenak. Egitasmoa hortik doa, desberdintasunaren historia bat egitea eta esatea gaur egun oso onartuak dauden gauza batzuk garai batean oso borroka latzak izan zirela eta oso zaila zela garai batean desberdina izatea gure gizartean. Hortik jo nahi dut».

Urtearen hondarretan, 2018ak utzitako lanetan merezimenduzko geldialdi bat behar dute zenbait lanek. Fakir Canok, nahitaez. Imanol Larzabali buruz Imanol Lurgainen bitartez egindakoak ondo merezi du txaloa, geruza desberdinetan zizelkatu baititu fikziotik idatzi baina errealitatetik jasotako informazio zertzeladak. Tabako usaina du “Fakirraren ahotsa”-k (Susa), lokatz sikuaren ukipena, gasolina lurrina, nostalgia zaporea. Joan ziren garai batzuen berreskuratzea, ber-haztatzea, zauri odolduetan bustitzea. Gogoratzea.

Eta azkenean, publikoki, Habanatik idatzitakoak Joseba Sarrionandiak. “Bizitzea ez al da oso arriskutsua?” (Pamiela). Gauez osatutako dietario modukoa, bere alderik agerikoena, “Ni ez naiz hemengoa” (1985) tankeraduna. Agian egin duen lanik gardenena?

Pentsa eta kritika dezala norberak gogo duena, bere imajinario letristikoan, baina eman biezaio irakurleak bizi esperantza esku artean duenari. Salbazio bide izate aldera, bederen.