GARA
BILBO

Artzainen ofizioa eta gaztagintzaren aberastasuna ezagutzeko mahai-jokoa

Antzara-jokoaren eta partxisaren arteko nahasketa da artzainen ofizioaren inguruan sortu den aurreneko mahai-jokoa. Gema Arrugaeta argazkilaria da horren egilea eta jolasaren bitartez gaztaren prozesu osoa ezagut daiteke, artzaina ardien bila joaten denetik gazta egiten hasten den arte. Gazta egiten aurrenak irabazten du partida.

“Ardi Latxa” du izena artzaintzaren inguruko ezagutzak modu didaktikoan barnerarazteko sorturiko mahai-jokoak. Artzaintzak, gaztagintzak eta ardi latxak dituzten aberastasunak zabaltzea du helburu Gema Arrugaeta argazkilariak eraturiko proiektuak.

Idiazabal Jatorri Deituraren, Baserria Km0 elkartearen, Bilboko Alde Zaharreko Merkatarien Elkartearen, Nafarroako Gobernuaren eta Lakuaren babesa izan du saltokietara jauzi egiteko orduan. Aurrenekoz Durangoko Azokan egon zen eskuragarri eta atzo Bilboko Bolsan eginiko aurkezpenean esan zuten herriko denda zein gaztandegietan jarriko dutela salgai.

Baserri mundua eta honen kulturaren transmisioa galtzen doan jakitun, jokoaren bitartez –zeina antzara-joko eta partxisaren uztarketa moduko bat den– artzainek beraien egunerokoan jasan behar izaten dituzten egoerak ezagutzeko aukera izango dute jokalariek. Ardiak aurkitzeko bidea baserritik abiatzen duten unetik artaldea eratu eta gaztaren elaborazioa hasten duten unera arteko esperientziak batzen ditu.

Gazta egiten aurrena denak irabazten du jokoan, atzoko aurkezpenean Gema Arrugaeta sortzaileak azaldu bezala. Prozesua bukatu aurretik, baina, hainbat egoera topatuko dituzte bidean, ibilbidea erraztu edo oztopatuko dietenak.

Gazta egiteko prozesua pausoz pauso ezagutzeaz gain, lau gazta mota bereiz daitezke jokoan: Erronkari, Idiazabal, Ossau Irati eta gazta urdina. Artzaintzan aritzeko lekuak eta artzainek erabiltzen dituzten lanabesen gaineko xehetasunak ere ematen ditu.

Modu didaktiko eta atsegingarrian ikasteko aukera ematen du eta adin guztietako pertsonei zuzenduta dago. Euskaraz zein gaztelaniaz egin dituzte gaur-gaurkoz editatu dituzten 1.000 aleak, bakoitza 19,5 euroan salduko dena.

«Helburua dibulgazioa da, ofizio honen eta historiaurretik gurekin dauden animalien inguruko kultura zabaltzea eta gurea den honen balioa nabarmentzea eta babestea du xede», adierazi zuen aurkezpenean Idiazabal Jatorri Deiturako presidente Jose Maria Uztarrozek.

Urteko gazta sarituak

Urtea amaitu aurretik, ohiturak agintzen duen legez, Idiazabal Jatorri Deiturak 2018. urtean nazioartean sarituak izan diren gaztagileei aitorpena egin zien Ordiziako Gabonetako azokan.

Amaitu berri den urtean Idiazabal gazta egiten duten 36 gaztandegik 72 sari eskuratu dituzte. Hala, jatorri deituraren prestigioa eta izen ona zabaltzeagatik eskerrak eman zizkien gaztandegi horiei Idiazabal Jatorri Deiturako presidenteak.

Estatu espainoleko gazta onenen txapelketan urrezko eta zilarrezko dominak eskuratu zituzten Aizpea, Jose Luis Odriozola eta Kortariak. Erroman, nazioarteko gazta onenak biltzen dituen txapelketan, hirugarren saria eraman zuen Mausitxako gaztak. Great Taste Awards txapelketan, Garm Cheese Awards eta World Cheese Awards sariketetan ere saritu zuten jatorri-deiturako gazta.