Maider IANTZI
DONOSTIA
Elkarrizketa
FERNANDO COSSIO
IKERBASQUE FUNDAZIOKO ZUZENDARI ZIENTIFIKOA ETA IKERLARIA

«Ikerketa nazioarteko lan kolektiboa da, eta gure zientzialariak liderrak dira»

Zientzia Kimikoetan doktorea eta Kimika Organikoan katedraduna da Fernando Cossio. 2009tik zuzentzen du Ikerbasque, Lakuak 2007an ikerketa zientifikoa bultzatzeko sortu zuen fundazioa. Nazioarteko hainbat argitalpen sinatu ditu, baita asmakuntza patente eta liburu batzuk ere. Gustura dabil kudeaketa eta ikerketa uztartuz. Gehien gustatzen zaiona beste zientzialariekin harremanak izatea da.

Berez oporretan dago, baina tartetxo bat hartu du Fernando Cossiok elkarrizketa egiteko, eta bere bulegoko eta laborategiko ateak zabaldu dizkigu. Donostiako Ibaetako campusean, Joxe Mari Korta eraikinean du lantokia, nahiz eta egiten duen lana erabat nazioartekoa izan.

Gustura «Zientzia Euskadin 2018» txosteneko datuekin?

Oro har daukagun egoera positiboa da. Beste gauza bat da triunfalista izatea, hobetu daitekeelako. Baina hartu dugun norabidea egokia da.

Sei urteotan %50 hazi da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikerlarien ekoizpen zientifikoa. Lehenengo aldiz gainditu da 6.000 argitalpenen muga.

6.000 ikur bat da, gogoratzeko erraza den zenbaki borobila. Gure ekarpena hobetzen ari dela esan nahi du. Kontuan hartu behar dugu argitaratzea ez dela batere erraza: lan bakoitzak bere errebisioa behar du, zuzenketak eta aldaketak.

Goi mailako nazioarteko aldizkarietan plazaratu dira.

Bai. Baina kontua ez da argitaratzea bakarrik, baizik eta inpaktua izatea, hau da, maila handiko artikuluak gero beste zientzialarien lanetan aipatzea. Inportantea da aldizkari onenetan argitaratzea: “Science”, ”Nature”, “Physical review letters”… Izan ere, munduan zehar zientzialari guztiek erabiltzen baitituzte han agertzen diren artikuluak beraien lanetarako. Oso zaila da, ordea, aldizkari horietan agertzea: artikuluen %50 ez dira onartzen.

Zientzialariek aldizkari horiek erabiltzen dituzte beren lanak beste zientzialariekin partekatzeko, ezta?

Edo agertzen diren datuak beren lanetan sartzeko. Derek Bartonek adibidez bere lanean beste ikerketa batzuen emaitzak erabiltzen ditu [Kimikako Nobel saridunaren artikulu bat erakutsi digu]. Oso garrantzitsua da besteek aipatzea. Jokoa konplikatua da, baina horretan datza.

Munduko eragile zientifiko nagusiekin lankidetzan aritu dira euskaldunak; gainera, lidergoari eutsiz.

Hala da, ikerketa zientifikoa nazioarteko lan kolektiboa baita. Funtsezkoa da aktore nagusiekin elkarlanean aritzea, ez soilik kide bezala, lider bezala ere bai. Artikulu guztietan da egile nagusi bat, eta garrantzitsua hemengoa izatea. Ez lanera batzea bakarrik, baizik eta bidea markatzea. Eta kasu gehienetan hala izaten ari da: gure zientzialariak egile nagusiak dira.

Datu onak dira.

Benetan. Eta ez da batere erraza. Dirua eta azpiegiturak jartzea ez da nahikoa; pertsona bereziak behar ditugu, oso trebeak, ikerketa taldeak zuzentzeko.

Ikertzaileen zer komunitate dago? Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 12.000 ikerlaritik gora ari dira dedikazio osoz.

Paperak ezberdinak izan daitezke: ez da gauza bera teknikaria izatea edo talde baten zuzendaria. 12.000 ikerlarien barnean denak sartzen dira. Eta den-denak beharrezkoak dira. «L'art c'est moi. La science c'est nous», esaten zuen Claude Bernard zientzialariak. Artea indibiduala da. Zientzia, denon arteko lana.

Erabateko talde lana da zientzialariena.

Oraintxe bertan artikulu baten zirriborroa jaso dut gainbegiratzeko [kontatzen hasi zaigu inprimagailura hurbildu eta paper batzuk ekartzen dizkigun bitartean]. Egileak lau dira eta nagusia izenean izartxoa duena da. Guk argitaratu genuen artikulu bat aipatzen dute euren lana arrazoitzeko. Horrek esan nahi du gure artikuluak inpaktua duela. Pertsona hauek irakurri eta ondorioak atera dituzte.

Zeri buruzkoa da jaso duzun lan hau?

Katalizatzaile biologiko baten ingurukoa da. Gure gorputzean sortzen diren erreakzio eta aldaketa kimikoak dira. Biokimika teorikoari buruzkoa da. Zuzentzeko bidali didate eta, merezi badu, argitaratzeko. Aldizkaria AEBetan dago, lanaren egileak irlandarrak dira, bidali didan editorea frantsesa da, eta nik hemendik gainbegiratu behar dut lana. Dena nahastua dago. Halakoa da gure eguneroko martxa.

Zein gai nagusiren inguruko lanak argitaratzen dituzte zientzialari euskaldunek?

Kopurua kontuan hartzen badugu, esparru nagusia medikuntza edo biomedikuntza da. Ondotik datoz ingeniaritza, materialen zientzia, fisika eta astronomia, kimika eta biokimika, hizkuntzalaritza, psikologia, giza eta gizarte zientziak, matematika… Azken horretako zenbaki gordinak baxuagoak dira, baina kontuan hartu behar dugu matematikan ibiltzen den komunitatea txikiagoa dela. Medikuntzan, esaterako, jende asko dabil. Pil-pilean dauden gaien artean, materialen zientzietan polimeroak eta material bereziak edo aurreratuak aipatuko nituzke. Medikuntzan, hepatologia eta minbiziari buruzko ikerketak.

Sektoreka, ekoizpenaren %61 inguru unibertsitateek egiten dute –EHU buru, indexatutako 3.300 argitalpen baino gehiagorekin–. Jarraian datoz osasun sektorea eta zentro teknologikoak.

Kontuan hartu behar dugu Euskadin unibertsitate publiko bakarra dagoela. Katalunian, esate baterako, pila bat dituzte. Hemen EHU soilik daukagu, hortaz, nolabait unibertsitate publiko erraldoia dela esan dezakegu. Logikoki, bere lana da nagusi ikerketan.

Eragile berriak ere agertu dira, BERC eta CIC-IKZ zentroak, indarra hartzen ari direnak. Argitaratutako artikuluen %23k baino gehiagok horiek dituzte partaide dagoeneko.

CIC BiomaGUNEren ekoizpen zientifikoa, adibidez, oso azkar doa gora. Oro har gorantz doaz zentro hauek guztiak.

Nola erabakitzen dira ikerketa-gaiak? Eskaeraren arabera?

Hasteko, zientzialari bakoitzak bere arloa hartzen du. Gero, gobernuak, foru aldundiak, unibertsitateak… erakunde bakoitzak bere ardatz estrategikoak jartzen ditu. Kontua da ikertzaileak bere interesak bideratzea ardatz estrategiko horiek kontuan hartuz. Lehentasunak ezarriak ditugu gure plangintzan, eta kontua da apustuak egitea norabide hori hartuz. Bi korronte horiek bateratzea nolabait. Oso garrantzitsua da oinarrizko ikerketa, unibertsitateetan eta BERC zentroetan lantzen dena. Gero, ikerketa aplikatua daukagu: enpresetan, zentro teknologikoetan, CIC zentroetan… Dena kontuan hartuz ikerketa aplikatua da zati nagusia.

Kazetariontzat errazagoa da ikerketa aplikatuak azaltzea. «Zertarako?» galdetzea.

Medikuntzan errazagoa izaten da esplikatzea: «Ikerlari honek alzheimerra lantzen du». «Fisikari honek material topologikoak aztertzen ditu» azaltzen badugu, zailxeagoa da ulertzen. Baina denak dira garrantzitsuak.

2016-17 ikasturtean 700 pertsona inguruk defendatu zituzten doktorego-tesiak EHUn, Mondragon Unibertsitatean eta Deustuko Unibertsitatean, eta emakumeen eta gizonen kopuruak antzekoak izan ziren. Senior postuek gizonek betetzen dituzte, ordea.

Hori da gure sistemako daturik egonkorrena. Orain, gazteen artean, oreka lortu dugu tesiak irakurtzen dituzten emakume eta gizonen artean. Kontua da gero datuak aldatu egiten direla. [Goiko taula erakutsi digu Cossisok. Kategoria akademikoan gora egin ahala, emakume eta gizonen kopuruak guraize baten moduan banatzen dira: gizonak gora, emakumeak behera]. Hori da uneotan daukagun irudia, baina nire ustez, denboraren poderioz, grafiko hau orekatu egingo da, orain ditugun titularrak gero katedradunak izango direlako. Unibertsitate pribatuetan [Mondragon Unibertsitatea eta Deustuko Unibertsitatea] jada badaukate oreka handiagoa. BERC eta IKZ zentroetan, berriz, langile tekniko gehienak emakumeak dira, baina postuetan gora egin ahala gutxitzen doaz [Aizturraren forma du grafiko honek ere]. Nire ustez, sistema aldatzeak bere denbora behar du. Baina baikorra naiz.

Ikerbasque Euskadiko Zientzia Fundazioaren xedea ikerketa zientifikoa garatzen laguntzea da. Zein erronka nagusi ditu momentu honetan?

Lehena, emakume eta gizonen arteko oreka lortzea. Gero, gure argitalpen kopuruak eta inpaktua hobetzea, baita diru laguntza lehiakorrak lortzea ere, gero eta gehiago Europa mailan, H2020 programan kasu. Zientzia esperimentalen eta giza eta gizarte zientzien arteko proportzioa orekatzea ere nahi dugu.

Pertsonalki, ikerketa eta kudeaketa uztartuz zabiltza. Nola moldatzen zara?

Kostatzen zait antolatzea, baina biak gustatzen zaizkit. Nire iritziz, garrantzitsua da zientzialariok kudeaketan ere parte hartzea. Izan ere, zientziaren arloan dauzkagun kodeak, harremanak, ohiturak, bereziak dira. Badauzkagu argibide batzuk idatzita ez dauden arren, denok ezagutzen ditugunak: artikuluak argitaratzeko sistema nolakoa den, nola idatzi behar ditugun proiektuak... Ez dago Excell orririk baremo batekin hori azaltzen duena. Orduan, nire ustez, zientziaren kudeaketak bere ezaugarri bereziak ditu eta garrantzitsua da kudeaketan dauden pertsonak zientzialariak izatea. Ordaindu beharreko prezioa da kaltegarria izan daitekeela norberaren zientzia ekoizpenerako. Baina lan honek ere bere garrantzia du zerbitzu bezala. Eta gustatzen zait. Gehien gustatzen zaidana da harremanak izatea beste zientzialariekin. Friki samarrak gara eta elkarrekintza horiek maite ditut.

Zer ikertzen ari zarete orain zure ikerketa taldean?

Kimika teoriko konputazionala egiten dugu eta, aldi berean, kimika organiko esperimentala. Kimika medikoan edo fisikoan ari gara lanean. Minbiziari buruzko ikerketak, materialei buruzkoak, eta zati teorikoa uztartzen ditugu. Lehenik ezaugarri teorikoak aztertu eta ezagutzen ditugu eta gero, ezaugarri hori laborategira pasatzen dugu. Beste zentro batzuekin ari gara elkarlanean: Biodonostian, Donostiako Onkologikoan, baita AEBetan eta Herbehereetan ere. Ezaugarri nagusia aniztasuna da. «La science c’est nous» [berretsi du kontent].