A.G.
NBA

San Antoniok omenaldia egin dio Gregg Popovichi

Ba al da norbere entrenatzaileari garaipena eskaintzea baino omenaldi hoberik? NBAko historian garaipen gehien pilatu dituen entrenatzaileen artean dago Gregg Popovich, San Antonio Spurs taldeko burua. Bada, bi luzapenen ondoren Oklahomari 154-147 irabazita, hirugarren postuan kokatu da Popovich, eta bide batez Mendebaldeko seigarren posturaino igo da, hirugarren doan Oklahomak adina partida, 25 alegia, irabazita.

Aireko armadan ibilia da Gregg Popovich, Jugoslavia ohiko etorkinen semea. Izaera militarra eta kultura aniztasuna uztartuz, San Antonio NBAko elitera eraman du azken hiru hamarkadetan. Hala, 1.221 garaipen pilatu ditu entrenatzaile kargura iritsi zenez geroztik, Jerry Sloan mitikoa gaindituz. Bere aurretik beste bi entrenatzaile baino ez daude, zein baino zein ezagunagoak: Don Nelson –1.335 garaipenekin– eta Lennie Wilkens –1.332 partida irabazi zituela–.

Paradoxarekin jolasean

Ez omen zaizkio hirukoak gustatzen Gregg Popovichi, uztaipeko «gizonen saskibaloia» baino. Dena dela, 19 hiruko bota zituen bere taldeak, eta 16 saskiratu, 10 aurre- nekoak akatsik gabe.

Paradoxa amaitzeko, esan behar San Antonioko LaMarcus Aldridgek ez zuela hirukorik bota, baina 56 puntu sartu zituela, inoiz lortu duen puntu pilo handiena.

Mendebaldean, hala ere, Denver da nagusi, 28-12ko balantzea aldean duela. Los Angeles Clipplersi 121-100 irabazi zion Coloradoko taldeak, Nikola Jokic serbiarrak 18 puntu, 14 errebote eta 10 asistentzia lortu ondoren.

Honi buruzko guztia: NBA