A.A.
DONOSTIA

«Txillardegiren Antigua» ibilbide gidatua eta ekitaldia, hil zeneko 7. urteurrenean

Astelehenean beteko dira zazpi urte Jose Luis Alvarez Enparantza “Txillardegi” hil zenetik eta haren ekarpenak oroitarazi eta irudia gogoratzeko «erreibindikazio-ekitaldia» antolatu du bezperarako, igandea 13, Txillardegi Liburutegia herri ekimenak. «Oraindik ez du bere jaioterrian merezi duen aitortza jaso, ez behintzat aitortza ofizialik, horregatik aldarrikatzen dugu Donostiako Liburutegi Nagusiak haren izena behar lukeela», ekarri du gogora Josu Tellabide ekimeneko kideak. Etnologo donostiarrak gidatuko du, hain zuzen, ekitaldiari hasiera emango dion ekintza: “Txillardegiren Antigua” ibilbide gidatua.

Azaldu duenez, hizkuntzalari abertzalearen “Antigua 1900” liburua hartu du ibilbidea osatzeko oinarri gisa: «Bertan hemen inguruko pasaiak, berarentzat garrantzitsuak izan ziren lekuak aipatzen ditu, eta bisitaldian horiek ikusiko ditugu». Ibilbidea 11.00etan abiatuko da Gaskuña plazatik, bertan baitzegoen Txillardegiri izena eman zion baserria, eta ordu eta erdi inguruko ibilbidean auzoko beste hainbat espazio bisitatu eta, Tellabideren azalpenez gainera, Txillardegik idatzitako zenbait testu ere irakurriko dira. Ibilaldian parte hartzeko ez dago izena eman beharrik eta edonork egiteko modukoa izango da.

Ibilbidea hasierako lekuan, Gaskuña plazan amaituko da eta bertan hasiko da, 13.00etan, ekitaldi nagusia. Besteren artean, Jean-Louis Davant euskaltzainak hartuko du parte.