Maddi
TXINTXURRETA

HITZARMENA ALDATU ARTE GREBARI EUTSIKO DIOTE UBIK-EKO LANGILEEK

Donostiako Tabakaleran dagoen Ubik sorkuntza liburutegiko bitartekariek 23. greba eguna dute gaur. Egun bizi duten egoera prekarioari buelta emateko xedez ari dira borrokan, alabaina, Tabakalerak eta enpresa azpikontratatuak ez dute horretarako bide eman.

Tabakalera parean ematen dituzte egunak Ubik sorkuntza liburutegiko bitartekariek. Liburutegiko erabiltzaileei bertako teknologiak nola erabili azaldu eta, kasurako, bideo joko edo ikus-entzunezko bat sortzeko aholkuak ematea dute lanbide, baina, orain, Tabakalerako aterpea utzi eta kalean muntatu duten informazio postuaren atzean egoten dira, galdezka hurbiltzen diren herritarrei pairatzen duten egoera azaldu eta sinadura bat bota dezaten lortzeko. ELA sindikatuaren babespean, greban daude abenduaren 22tik, egun duten kontratu «prekarioa» duintzeko borrokan.

Ardurei iskin egitearen ondorio da Ubikeko langileek abiatutako greba. Orain urtebete hasi ziren Tabakalerako Administrazio Kontseiluko kideei eta Ubikeko beharginen ardura duen Sedena azpikontratatutako enpresako ordezkariei lan baldintzak hobetzeko eskatzen, baina azken honek eskainitako %8ko soldata igoera «ez zen nahikoa» bitartekarientzat. «Isildu egin nahi gintuzten», esan du Andoni Uzkudun liburutegiko langileak, Andre Zigarrogileen Plazan kokatutako mahaiaren atzetik. Egiaz, %8ko igoera hori 2015etik honako soldatei KPIa gehituz zegokiena zen, eta ondorioz, halabeharrez aplikatu beharko litzateke.

Horrela, Tabakalerako Administrazio Kontseilutik eta Sedenatik egoera konpontzeko proposamenik jaso ez zutela eta, oraingoz amaiera datarik ez duen protesta aldia hasi zuten beharginek. Azaroan bi orduko hiru lanuzte egin zituzten eta abenduaren 14rako greba eguna deitu. Erantzunik jaso gabe jarraitu zuten eta greba mugagaberako saltoa eman zuten 13 langiletik 11k. Ordutik, Ubik liburutegia itxita dago.

Gaur-gaurkoz, aisia eta animazio soziokulturala arautzen duen estatu mailako hitzarmena aplikatzen zaie langileei, zeinak ez duen aldaketarik izan 2015ean hitzartu zenetik. Beharginek salatzen dute hitzarmen honetako baldintzak Gipuzkoako hitzarmenaren batez bestekoak baino nabarmen prekarioagoak direla, horregatik, egungoa Gipuzkoako Esku-Hartze Sozialeko Hitzarmenagatik aldatzea eskatzen dute, lan baldintza hobeak izango lituzketelako. Datuek hori erakusten dute: oraingo hitzarmenarekin, Ubikeko langileek 990 euroko lansaria jasotzen dute hilean; guztira, 16.000 urtean, eta Esku-Hartze Sozialekoarekin 23.000-24.000 euroko soldatak izango lituzkete urtean. Berebat, orain aplikatzen zaien hitzarmena 1.792 ordukoa da, Gipuzkoakoa baino 150 gehiago.

Gainera, bitartekariek salatu dute ez dagokiela opor egunik. Asteburuetan ere lan egiten dutenez, hilero astebete izaten dute libre, eta Uzkudunek azaldu duenez, «aste libre horretan sartzen dira gure oporrak, hortik aparte oporrak hartu nahi baditugu, ez dugu kobratzen».

«Sedenak esaten du eskatzen duguna ez dela zilegia, liburutegi batean gaudela eta hitzarmena ez dagokigula. Hitzarmeneko lehenengo puntuak esaten du kulturarekin zerikusia daukan jarduera bat ez duela bere baitan aitortzen, baina eranskin bat dauka, esaten duena mediatekak eta liburutegiak aitortzen dituela», zehaztu du bitartekariak. Egiatan, Irungo liburutegiko langileek hitzarmen hori daukate, eta Bilboko Alondegiko Mediatekako langileek ere lortu zuten, 38 egun greban eman ostean.

«Marra gorria»

Tabakalerako Administrazio Kontseiluak bilera egingo du asteartean, eta greba gai-zerrendan jasota dago. Grebalariek eskatzen dute astearteko bileran egoerari konponbidea emateko proposamenak egin ditzatela batzarkideek, eta Maddi Aspiazu ELAko ordezkariak ohartarazi duenez, «erlojuaren kontra» ari dira bileraren aurretik Tabakalerako arduradunekin hitz egiteko borrokan.

Administrazio Kontseilua Lakuako, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Donostiako Udaleko bosna ordezkarik osatzen dute. Oraingoz, Lakuako Irene Larrazarekin, Aldundiko Denis Itxaso eta Maria Jose Telleriarekin eta Udaleko Amaia Almirall eta Maria Luisa Garciarekin biltzea lortu dute, nahiz eta konponbide argirik ez dieten eskaini. «Guk Bingen Zupiria, Markel Olano eta Eneko Goiarekin bildu nahi dugu, baina oraindik ez digute bilera baterako data ezarri», azaldu du Aspiazuk.

Uzkudunek esan du hitzarmen aldaketa egon ezean ez dutela greba amaitutzat emango: «Helburua hitzarmena aldatzea da, hori da gure marra gorria, eta, zoritxarrez, luzerako joango da».