GARA
GASTEIZ

Gizarte elkarrizketarako mahaian ez da beharko erabateko adostasuna

Mahaia eratzeko dekretua onartu du Lakuak, eta urtarrilaren 19rako indarrean sartzea aurreikusten da. Indarrean sartzen den momentutik, hilabeteko epean, Gizarte Elkarrizketarako Mahaia eratuko dela ziurtatu du Urkulluren gobernuak. ELA eta LAB sindikatuek mahaian parte hartzeari uko egin diote.

Gizarte elkarrizketarako mahaia eratzeko dekretuaren onespenaren berri eman zuen Lakuak atzo. Ohiko bilerak urtean bi aldiz izango dira eta, aldeek adosten dutenean, ezohiko bileran. Lantaldeen arabera antolatuko da mahaia eta Urkulluren gobernuak adierazi zuenez, «topaketarako eta partaidetzarako organo gisa erakundetu da».

Lakuak onarturiko dekretuaren bitartez, akordioek ez dute erabateko adostasuna beharko onartuak izateko. Hau da, mahaia eratzen duen Gobernuko ordezkaria eta patronala ados egonez gero, sindikatu bakar baten babesarekin nahikoa izango da azken erabaki gisa dokumentatuta geratzeko.

Horregatik, Gobernuak ziurtatutako partaidetza hori, ordea, zalantzan jarri zuten ELA zein LABek. Bi sindikatu hauek aspaldi uko egin zioten parte-hartzeari, eta ELAk, aurreneko balorazio batean, adierazi zuenez, «gehiengo sindikalak ez errespetatzea beharrezkoa den Lan Harremanetarako eta Babes Sozialaren Euskal Esparruaren aurkako eraso zuzena da».

Puntu honek hautsak harrotu zituen euskal sindikatuen artean eta LABek azpimarratu zuen «dekretuarekin aurrera jarraituta argi geratu» dela «EAJren eta PSEren gobernu hau» patronalaren interesen arabera ari dela gobernatzen.

CCOO eta UGTren adostasuna

Esan bezala, ELA zein LABek urteak daramatzate Gizarte Elkarrizketarako Mahaitik kanpo baina berritasun nabariena iazko apirilean heldu zen. Izan ere, CCOOk mahaitik ateratzea erabaki zuen Lakuak Confebaskekin sinatu zuen lan esparruko aldebiko akordioagatik. Egun batzuk beranduago UGTk erabaki berdina hartu zuen.

Irailean, ordea, bi sindikatu horiek, Gasteizko Gobernuak eta Confebaskek mahaia berriro eratzea hitzartu zuten. Trukean, lan esparruko hitzarmena «ez aktibatzea» eskatu zioten sindikatuek Urkulluri.

Lau hilabete beranduago, CCOO eta UGT ados agertu dira atzo onartu zen dekretuarekin. Gizarte elkarrizketaren instituzionalizazioa «pauso garrantzitsua» delakoan daude biak ala biak, EAEn zegoen «defizita betetzen» duelako. Dekretua larunbatean onartuko da eta aurreneko bilera hilabete barru izango dela aurreikusten dute.

CCOOren ustez dekretu honekin erregularizazioa lortzean, «normaltasun osoz funtzionatu behar du elkarrizketa sozialak, eta ez unean unean dagoen Gobernuaren nahien arabera».

«Beti funtzionatu duen formula elkarrizketarena izan da», nabarmendu zuen UGTko Politika Sindikaleko arduradun Maribel Ballesterosek. Horregatik, «aukera hau alferrik ez galtzeko» eskaera luzatu zien ELA eta LABen ordezkariei. «Parte-hartzeari uko eginez gero, asko zailtzen da negoziazioan aurrerapausoak ematea», azaldu zuen tinko Ballesterosek, euskal sindikatuen jarrera kritikatuz.

«Esparru hutsa»

Lanaren eta Lan Harremanen, Enpleguaren, Industriaren, Ekonomia Garapenaren eta Hezkuntzaren arloan eskumenak dituzten sailetako titularrek ordezkatu dute Gobernua eta Lakuaren iritziz «gizarte modernoan bizi eta lan baldintza zein justizia sozialeko baldintza hobeak sustatzeko mekanismo onena da».

Teorian, mahai honen bitartez gizon eta emakumeen arteko aukera berdintasuna sustatu behar da, eta kalitatezko lana lortzeko ezinbesteko eginkizuna du, askatasun baldintzak, segurtasuna eta duintasuna oinarri izanik. «Horren bidez hobetu egiten da ekonomiaren etekina eta lehiakortasuna», Lakuak azaldu zuenaren arabera eta, beraz, «gizarte egonkorragoa eta zuzenagoa lortzen da».

Honen harira, LABek ziurtatu zuen elkarrizketa sozialak ez duela «lan baldintza eta soldata duinak bermatzeko helbururik». «Langileentzako esparru hutsa da» eta xede bakarra patronalaren politikei eta Jaurlaritzaren politika publikoei zilegitasuna ematea delakoan dago.

Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua eraikitzeko asmorik ez duela kritikatu zuen LABek, «porrot egin duen Estatu espainoleko eredua inportatu duelako».