GARA
IRUÑEA

Hizkuntza gutxiagotuak ardatz izango ditu Euskaltzaindiak

Mendeurreneko hirugarren jardunaldi akademikoa Baluarten izango da gaur eta bihar. Bertan Euskal Herriko zein nazioarteko hemeretzi hizlarik hartuko dute parte. Biltzarra baliatuz, hizkuntza gutxiagotuekin lan egiten duten akademien arteko sarea osatu nahi du.

Hemeretzi hizlarik parte hartuko dute Euskaltzaindiak gaurko egun osoan eta biharko goizean zehar Iruñean egingo duen nazioarteko biltzarrean, “Hizkuntza gutxiagotuak jagon, euskaraz bizi - XXIII. Jagon jardunaldia” deiturikoan.

Baionako kolokioaren eta Arantzazuko nazioarteko biltzarraren ostean, mendeurrenaren baitan Euskaltzaindiak antolatzen duen hirugarren jardunaldi akademikoa da Baluartekoa, akademiaren mendeurrenaren baitan kokatua. Hizkuntza gutxiagotuei buruzko ikuspegia landu eta aurreratu nahi dute Iruñean.

Nazioarteko adituen artean, besteak beste, ondokoek parte hartuko dute: Cor van der Meer (Frisieraren Akademiakoa), Elena Chiocchetti (Institute for Applied Linguistics-eko kidea), Jean-Guy Talamoni (Korsikako Parlamentuko presidentea), Henrique Monteagudo (Galizieraren Errege Akademiako kidea), Joan Argenter (Institut d’Estudis Catalans-ekoa) eta Sixto Molina (Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Kartaren idazkari eragilea). Honela, hainbat akademiatako kideak elkartuko dira. Euskal Herriko hainbat hizlari ere arituko dira Iruñeko Baluartek hartuko duen Kongresuan.

Euskaltzaindiak Jagon saileko Sustapen batzordearen lana bizkortu nahi du, arlo horretan egin dituen ekarpenak Iruñean agertuz. Ildo horretatik, iragarri duenez, “Euskaltzaindiaren Adierazpenak” (1976-2018 urte bitartean egindakoak) eta “Hizkuntza-zuzenbidea. Testu bilduma euskaraz” argitaraldi berri eta elektronikoak aurkeztuko ditu jendaurrean.

Bestalde, bihar hizkuntza gutxiagotuen arloan lan egiten duten hainbat akademiaren arteko elkarlana sustatzeko lehen pausoa emango da, eta aipatutako akademien elkargunea sortuko da, aurrerantzean, kezka komunak lantzeko helburuz.

Jardunaldi bikoitza zuzenean jarraitu ahal izango du interesa duen orok, streaming bidez eskainiko baitute Euskaltzaindiaren Youtubeko katean.