GARA
BILBO

Zenbaki dantza, gizarte ekimeneko ikastetxeen grebaren inguruan

Gizarte ekimeneko ikastetxeetako grebaren aurreneko jardunaldia izan zen atzokoa eta, sindikatuen balorazioaren arabera, %65eko erantzuna izan zuen. Bilbon egin zen manifestazioan 5.000 langile baino gehiago bildu zirela ziurtatu zuten.

Kristau Eskolak, aldiz, grebak %28ko erantzuna izan duela erantzun zuen. Zehazki, 8.196 langiletik 2.314k egin zuten greba, patronalaren ustetan. Bizkaian zenbatu du portzentaje handiena, %38rekin.

Urtarrilaren 25ean bukatuko den grebara 215 ikastetxetako 9.000 langile daude deituta; EAEko itundutako eskolen %70, alegia.

«Eusko Jaurlaritzak zerbitzu minimoen bitartez greba desitxuratzeko emandako pausoak porrot egin du», adierazi zuten langileen ordezkariek, Lakuak ezarritako zerbitzu minimoen harira.

Hamar urte daramatzate hitzarmena berritu gabe eta 2009tik galdu duten erosahalmena –%12koa izan dela kalkulatzen dute– berreskuratzea da langileen aldarrikapen nagusia.