GARA
DONOSTIA

Zientzia eta zinema uztartuko dituzte «Ezezaguna» zikloan

Euskadiko Filmategiak eta Donostia International Physics Center-ek (DIPC) zinema eta zientzia uztartzen dituen “Ezezaguna” zikloa aurkeztu zuten atzo. Atzotik hasita martxora arte gauzatuko da egitasmoa, Donostiako Tabakaleran eta Bilboko Arte Ederren Museoan.

Guztira zientzia fikziozko hamabi pelikula eskainiko dituzte, eta zientzialari baten esku egongo dira horien aurkezpena zein saioaren osteko solasaldia. Adituak zenbait erakundetakoak izango dira: DIPC, Severo Ochoa biologia molekularreko zentroa, Materialaren Fisika Zentroa, Ikerbasque, Euskal Herriko Unibertsitatea eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa.

Egitasmo hau iaz egin zuten lehen aldiz Donostian –“Hor kanpoan” izenpean–, eta, izandako harrera ona ikusirik, aurten Bizkaiko hiriburura zabaltzea erabaki dute. Bestalde, ohiko saioez gain, bestelako hitzaldiak ere antolatu dituzte ikusleen kontsumo ohitura berrien inguruan.

Nobedade bezala, Bang Bang Zinema egitasmoaren baitan, “Blade Runner” eta “Blade Runner 2049” filmen emanaldi bikoitza izango da Javier Aizpurua fisikariaren laguntzarekin.

Saioz saio

Film horiez gain hauek dira proiektatuko diren lanak eta proiekzioetan izango diren adituak: “2001: A space odyssey” eta Pedro Miguel Etxenike eta Gines Morata; “The incredible shrinking man” eta Aran Garcia-Lekue; “Fantastic voyage” eta Juan Jose Saenz edo Fernando Cossio; “First man” eta Silvia Bonoli; “The martian” eta Itziar Garate edo Agustin Sanchez Levega; “Ex machina” eta Juan Jose Gomez Cadenas, “A.I. Artificial ingelligence” eta Humberto Bustince; “Annihilation” eta Ana Zubiaga; “Salyut-7” eta Eugene V. Chulkov; “Hidden figures” eta Marta Macho-Stadler.