A.G.
RPK ARASKI

Zortzigarren posturako lehia bizia Ensino igo berriaren kantxan

Lugora irteera zaila dauka RPK Araskik gaur gauerako. Mailaz igo berria izanagatik, Lugoko Ensinoren aurka jokatuko dute gasteiztarrek, 21.00etatik aurrera –Teledeporte telebista kateak zuzenean eskainiko du–.

Kopako antolatzaile izanda, arabarrek ez dute aurreneko zortzietan sartzeko lanik izan, baina Emakumeen Dia Ligako zortzi onenen artean sailkatzeko ez dago halako bidezidorrik. Uneotan, Madelen Urietarenak sailkapeneko bederatzigarrenak dira, 6-9 balantzea aldean dutela, Ensinok baino garaipen bat gutxiagorekin. Ondorioz, zortzigarren postura itzultzeko ezinbestekoa izango da gasteiztarrentzat Lugon irabaztea.

Zaharrak eta gazteak

Egiari zor, Binta Drammeh hegaleko suediarra fitxatzea oso gauza ona izan da Araskirentzat. Romina Ciappinak ez bezala, Drammehk puntuak erraz asko pilatu ditu jokaturiko bi neurketetan eta defentsan ere dexente lagundu du.

Ensinok berak ere asko indartu du taldea. IDK Gipuzkoako jokalari ohi Arantxa Novok burua emango dio talde galiziarrari. Aldiz, Angela Salvadores eskolta gazteak puntuak eta lehiakortasuna dakartza berarekin, tarteka burua galtzen badu ere. Bestetik, ikusteko dago Astou Traore Senegalgo hegalekoa jokatzeko moduan egongo ote den ala ez.

Araskirentzat oso partida garrantzitsua da gaur gauekoa. Irabaziko balu, aurkari zuzen bati aurrea hartuko lioke eta zortzi aurrenekoen artean leku bar berreskuratuko luke. Galtzea egokituz gero, berriz, beheko postuei begira jartzen hasiko litzateke, baita play offei agur esaten ere.