GARA
GASTEIZ

«Inboluzioaren» aurka, burujabetza handiagoa aldarrikatu du EH Bilduk

Etorkizuneko Arabarako lehentasunak aurkeztu zituen atzo EH Bilduk, Ozetan egindako ekitaldi batean. Bertan koaliziokideen aurrean aritu ziren Maddalen Iriarte eta Kike Fernandez de Pinedo, eta, besteak beste, kalitatezko gizarte zerbitzuak, garapen sozioekonomiko endogenoa, lurralde oreka eta lurraren defentsa oinarri izango dituen proposamena aurkeztu zuten.

Maddalen Iriarte legebiltzarreko eledunak «garai ilunak» datozela ohartarazi zuen, bere ustez «inboluzio oso larrian» baitago murgildua Estatu espainiarra. «Erantzukizunarekin eta elkarlana bilatuz erantzuteko garaia da», adierazi zuen, adibidetzat Maroto Gasteizko alkatetzara iristea saihesteko eginiko saiakera edota Nafarroan erregimena kanporatzeko eta aldaketa bultzatzeko ahalegina jarriz. «Inork ezin du zalantzan jarri EH Bilduk berriro egingo duela, egoerak hori eskatzen badu», gaineratu zuen.

Salbuespen egoerek «salbuespeneko» neurriak eskatzen dituztela azpimarratu zuen eta, inboluzioaren aurrean burujabetzan sakondu beharra dagoela defendatu zuen. «Gero eta indar handiagoa hartzen ari den autoritarismoari aurre egiteko ez da nahikoa horma eraikitzea. Gehiago behar da; beharrezkoa da estatus berriaren eraikuntzan eta lorpenean aurrera urratsak egitea».