Andres OSA «SAKONA»
HERRI KIROLAK

Erronka gogorra aurkeztu du Arria V.ak

Ostiralean aurkeztu zuen bere plana Tolosako Kantabriko Tabernan Xabier Orbegozok, ArriaV.ak, erronka gogorra ezarri baitio bere buruari aizkoran eta korrika. Azpeitiko zezen plazan, goizeko 9etan, 20 kanaerdiko ebaki, Ernio gainera igo eta Tolosako zezen plazako helmugan beste hogei kanaerdiko moztu.

Martxoaren 17an egingo du. Berak azaldu zuenez Tolosan azken jardunean hogei kanaerdiko ebakitzeak sortzen dizkio kezka handienak, korrika 26 bat kilometro oso gogor egingo baititu. Bere ustetan bost orduren bueltan beharko ditu. Horregatik, 5 ordu eta 10 minutuan egiten badu, Peru Eskabazio-Eraikuntzak enpresak 5.000 eurorekin sarituko du 42 urteko kirolaria.

Sokatira

Atzo eguerdian jokatu zen Mungian Euskal Herriko goma gaineko sokatira saioa, 640 kilotan gizonezkoak eta 540 kiotan emakumezkoak. Gizonezkoen artean Lesakako Beti-Gaztek txapelketan duen nagusitasuna beste behin agertu zuen. Tiraldi guztiak irabazi zituen eta 6 puntu eskuratu. Bigarren Murueta izan zen eta hirugarren Ibarra, biak 4,5 punturekin. Laugarren Zuraide izan zen (3), bosgarren Txantrea (2) eta azkena 6 Conceyos asturiarra (1).

Emakumeen mailan Laukizko Gaztedi nagusitzen ari da. Atzokoan bera izan zen garailea jokoan zeuden 4 puntuak jasoaz. Bigarren Badaiotz (3), hirugarren Ibarra (2) eta laugarren Txantrea (1).

Laukotea Aian

Atzo eguerdian, Aiako frontoian, lau harrijasotzaile aritu ziren bakoitza bere harriarekin marka saiakerak egiten. Imanol Kortaberri aiarrak 188 kiloko harri kubikoa erabili zuen bost minututan eta 3 jasoaldi eman zizkion. Ortzaikako Gorka Etxeberriak 190 kiloko errektangularra erabili zuen bost minutuko txandan eta lau aldiz paparrean gora eraman arren bat bera ere etzioten ontzat eman. Urizaharreko Julen Diezek 207 kiloko errektangularra erabili zuen hiru minutuko txanda bakarrean eta bi leporatze egin zituen. Aimar Galarraga oriotarrak berriz 235 kiloko errektangularrari jasoaldi bat balekoa eta beste bat ustela emanez amaitu zuen.

Zaldi probak

Nabarnizen jokatu zen Bizkaiko zaldi proba txapelketa. Hiru abere plazaratu ziren eta irabazlea Motrollorena izan zen: 63 untze eta 1,70.