A. G.
NBA

Urtebete kantxetatik kanpo egon eta gero, DeMarcus Cousins jokora itzuli da

Stephen Curry, Klay Thompson eta Kevin Durant –eta Draymond Green– gutxi balira bezala, Golden State Warriors-ek hemen du bere azken izarra: DeMarcus Cousins pibota, Sacramento Kingseko eta New Orleans Pelicanseko jokalari ohia.

Orpazurda hautsi zuen Cousinsek duela ia urtebete, hain justu Oaklandera bidea argitzen ari zitzaion momentuan. Bada, 354 egunen buruan, 2,11 zentimetroko pibot erraldoia kantxan da; 14 puntu eta 6 errebote pilatu zituen eta Warriorsek Lon Angeles Clippersen etxean 94-112 irabazi zuen. Harrigarria bada ere, hiruko jaurtiketetan eman zuen minik handiena Cousinsek.

«Egun eguzkitsuak ez lirateke hain berezi, euririk ez balego; minik ezean, zoriontasuna ezin dugu hain ederki sentitu», idatzi zuen 28 urteko jokalariak Twitterren. Bide batez, Steve Kerr entrenatzaileak ez zuen aintzat hartu Cousinsen balizko «abiadura falta». «Orain arte bezain arin jokatuko dugu berarekin ere», ohartarazi zuen.

Hardenen bolada itzela

Bestetik, Houstonek Lakersi 138-134 irabazi zion luzapenean. James Hardenek 48 puntu lortu zituen: hemeretzigarren partida jarraian izan zen 30 puntu baino gehiago lortzen dituena.

Honi buruzko guztia: NBA