GARA
BILBO

«Barriek» programako erakusketei hasiera eman die Rekalde aretoak

Bost erakusketa ikusi ahal izango dira urtean zehar Bilboko erdigunean dagoen erakustokian. Bizkaiko Aldundiak bekak eskaintzen dizkie artistei beren lanak garatu ahal ditzaten eta, bide batez, ikusgaitasuna izan dezaten. Lau artista aukeratu dituzte eta, ohi bezala, aurreko urteetan beka irabazitako bosgarren batek hartuko du parte.

“Barriek” programaren VIII. edizioa bidean da. Horren baitan arte sorkuntzarako bekak ematen ditu Bizkaiko Aldundiak, eta aukeratutako artisten lanen lagin bat Rekalde aretoan jartzen dute ikusgai.

Lorea Bilbao Euskara eta Kultura diputatuak azaldu zuenez, programaren «ekimenaren helburu nagusia Bizkaiko sormen-talentuen lana ikusaraztea eta ibilbide artistikoan laguntza ematea da». Era berean, lan artistikoek duten balioa azpimarratu zuen aurkezpenean: «Kultura transmititzeko, garatzeko eta sustatzeko, eta gizartean duten balioa nabarmentzen dut; izan ere, gizarte bizi eta zorrotzago bat edukitzeko ezinbestekoa da sormena garatzea; ez dago zalantzarik. Lan artistikoei esker, eboluzionatu eta balioak hobetzen ditugu».

Artistak

Aurtengo beka irabazi duten artistez gain, “Barriek 2019” programan beste artista batzuk aurkeztu ohi dituzte, programari esker aurreko urteren batean beka jaso zuen artista bat berreskuratuz. Kasu honetan, Cristina Gutierrez Meursek eman dio hasiera zikloari. 2005ean jaso zuen beka. Martxoaren 10era arte bisita daiteke artista honen “Trapos sucios” erakusketa.

Rekalde aretoko erakusleihoan instalazio bat dago eta 2016az geroztik indarkeria matxistaren biktima izan diren emakumeen izenak ageri dira gorbatetan brodatuak. Erakusketan, berriz, marrazkiak, testuak eta soinuak batzen dira. Erakusketa jartzen hurrengoa (martxoaren 12tik maiatzaren 5era) Endika Basaguren izango da; “Memoriaren aztarnak ezabatu” lana aurkeztuko du. Proposamena zirriborro bat da, bere obraren suntsitzailea, lan berria sortzeko bidea irekiko diona. Maiatzean Oihane Iraguenek hartuko dio lekukoa. Soinu-praktikari ekin dio, eta ikus-entzunezko zein eskulturari lotutako euskarriak erabiltzen ditu lagungarri gisa. Ekainaren 30era arte egongo da Rekalden.

Uztailaren 2an zabalduko du Irati Urrestarazuk bere erakusketa. «Txikitan herdoildutako iltzeak edota hondakinetako adreilu zatiak biltzen nituen, kontrakotasunak beti erakarri nau, zuk urdina nik berdea. Prozesuak naraman bideetatik egiten dut lan, eta nahiz eta azkenaldian eskulturatik edo objektualizaziotik nabilen, beste diziplinatan ere sostengatzen naiz nire praktika egiteko orduan. Inguruan eta egunerokotasunean topatzen ditudan elementuak erabiltzen ditut lan egiteko orduan», azaldu du artistak.

Urteko azken egoiliarra Pau Figueres izango da (irailaren 3tik urriaren 20ra). “Donde las patatas, la Coca-cola y la Fanta” izeneko proiektua aurkeztuko du, hipermodernitatearen gehiegikerietatik sortutakoa.

Erakusketez gain, artistekin jarduera osagarriak garatuko dituzte. Adibidez, publikoari euren lanak azaltzeko saioak.