GARA
PILOTA

Leire Etxaniz eta Olatz Arrizabalaga ez dira batera ariko Binakakoan

Binakako Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketaren aurreneko bi edizioak batera irabazi zituzten Leire Etxanizek eta Olatz Arrizabalagak; aurten, ordea, ezin izango dute hirugarren txapela elkarrekin irabazi, antolatzaileek jakinarazi zutenez, ez dutelako bikotea osatuko. Etxanizek Leire Garai izango du bikotekide aurtengoan, eta Arrizabalagak Iera Agirrerekin jokatuko du.

Lehen Mailan sei bikotek hartuko dute parte, bi multzotan banatuta, eta multzo bakoitzean ligaxka bat jokatuko da, denak denen aurka, jardunaldi bakoitzean partida bakarra jokatuta. Lehen Mailako lehiari otsailaren 3an emango zaio hasiera Murgian, eta sei bikoteak honako hauek dira: A multzoan, Leire Etxaniz-Leire Garai, Patri Espinar-Mirian Arrillaga eta Maider Mendizabal-Arrate Bergara; B multzoan, Olatz eta Maite Ruiz de Larramendi, Iera Agirre-Olatz Arrizabalaga eta Ainhoa Romero-Amaia Aldai.

Gogoratu behar da txapelketa datorren igandean hasiko dela Galdakaon Promozio Mailako lehen kanporaketekin. Promozio maila horretan 98 pilotarik eman dute izena, 49 bikote osatuz. Eta amaiera martxoaren 17an helduko da, Zumarragako Beloki pilotalekuan jokatuko diren finalekin.