GARA
Atletismoa

Bahraingo Chani eta Maitane Melero nafarra, Donostiako Krosean faboritoak

Maila handiko atletak espero dira igandean. Krosa Euskadiko master txapelketaizango da, eta Gipuzkoako Txapelketarako puntuagarria kategoria guztietan.

Dena prest dago igandean Donostiako 64. Nazioarteko Krosa jokatzeko. Egun hauetarako iragartzen den euria eta hotza izan daitezke atleten buruhauste handienak. Ez, ordea, iazko bi garaileentzat –Bahraingo Awake Ayalew eta Kenyako Daisy Jepkemei–, ezingo baitituzte euren garaipenak aurten defendatu.

Horiek ordezkatzeko badira maila handiko beste atleta batzuk, atzoko aurkezpenean Eneko Goiak (Donostiako alkatea), Iñaki Iturriozek (Gipuzkoako Foru Aldundia), Raquel Olaizolak (BMW Lurauto), Amaia Andresek (Gipuzkoako Atletismo Federazioa), Patxi Larreak (Fly Group) eta Karel Lopezek (moderatzailea) aurreratu zutenez.

Adierazi zutenez, ez da erraza izan maila handiko atletak ekartzea, Etiopia eta Eritrea bezalako herrialdeetan Munduko Txapelketarako sailkapenak baitaude egun hauetan. Hala ere, azken bi urteetan Donostiako Krosak atleten mailan izan duen «hobekuntza» azpimarratu zuten.

Hala, Gipuzkoako hiriburutik eta hipodromoak osatzen duen zirkuitutik Europako, Asiako eta Estatu espainoleko txapelketetako dominadunak pasatuko dira. Gizonezkoen lasterketan, faboritoa Hassan Chani Bahraingo atleta izango da, 2018an Asiako txapeldun 10.000 metrokoan. Honi garaipena eragozten maila handiko beste atleta batzuk egongo dira. Hala nola Ayad Lamdassem Espainiako kros txapelduna (2011, 2014 eta 2018), Fernando Carro ANOC sariaren irabazlea (2018) eta Europako Txapelketan bigarrena 3.000 metroko oztopodunean (2018), Ouassim Oumaiz Europako junior kros txapelketan bigarrena edota Tesfaye Deriba (Etiopia), zazpigarrena Mundu Txapelketan (3.000ko oztopoduna, 2017).

Melero, beste batzuen aurretik

Emakumezkoen lasterketan, Estatuko atleta baten garaipena bilatu nahi izan dute antolatzaileek, Nuria Fernandezek irabazi baitzuen azkeneko aldiz 2011. urtean. Horretarako, Maitane Melero nafarra ageri da faboritoen artean. Iruindarra Espainiako txapelduna da 3.000 eta 5.000 metrokoetan (2018) eta Europako txapelketan 9. izan zen (10.000koa, 2018).

Aurkarien artean, honako atletak izango ditu: Irene Sanchez-Escribano 3.000ko oztopodunean Espainiako txapelduna (2017 eta 2018), Espainiako bigarrena krosean (2018) eta 8.a Europako Txapelketan (3.000ko oztopoduna, 2018); Carla Gallardo 7. munduko junior txapelketan (3.000koa, 2018) eta 6. Europako junior kros txapelketan (2018); Alessandra Aguilar, Elena Garcia edota Maria Jose Perez.