Maitane ALDANONDO
Donostia

NARU INTELLIGENCE: DATU MASIBOEN AZTERKETA, MEDIKUEN ESKURA

Medikuntza arloan «big data» irtenbideen garapenean dihardu Naru Intelligence «start-up» donostiarrak. Aurten merkaturatuko duten lehen produktuak medikuei erabakiak hartzen lagunduko die, gaixo onkologikoen artean patroi komunak atzemanez.

Informazioa boterea dela dio esaldi ospetsu batek, eta, zalantzarik gabe, ezagutzak erabaki hobeak hartzeko balio du. Naru Intelligence start-up donostiarrak horixe du helburu: medikuei laguntzea tratamenduaren ingurukoak erabakitzen, big data baliatuta. Maider Alberich eta Eider Sanchez dira 2017an eratutako sozietate mugatu honen sustatzaileak, bazkide inbertitzaile batekin batera. Minbizia duten gaixoei bideratutako Step produktua garatzen ari dira, beste endekapenezko gaitz batzuetara egokitu ahalko duten sistema baten bidez. Merkatura heltzeko hilabete batzuk beharko badituzte ere, enpresa bidea egiten hasia da, besteak beste, BIND 4.0 programarako hautatu baitute.

Bi ekintzaileak telekomunikazio ingeniariak dira eta medikuntza arloan egin dute ibilbide profesionala. Alberichek bioinformatika masterra du; Sanchezek, berriz, medikuei erabakiak hartzen laguntzeko sistemei buruzko doktoregoa. Ikerketa zentro berean lan egiten ezagutu zuten elkar eta enpresara bideratzeko nahiak batu zituen, beti ere, sektore berean, eta pazienteen bizi kalitatea hobetzeko xedez. Hala, 2016ko udan lana utzi eta bide berriari ekin zioten.

Nondik hasi bazekiten, baina pixkana joan ziren ideiari forma ematen. Gertuko bizipenek motibatuta, onkologia zuten jomuga. «Ezagutzen ditugu gaixoek pasatzen dituzten konplikazioak eta horien aurrean medikuek duten ziurgabetasuna erabakiak hartzeko, espero izateko edo aurre hartzeko. Bagenekien arazo horiek kudeatzeko behar bat bazegoela», argitu du Sanchezek. Hilabetez zer ekarpen egin aztertu zuten, eta emaitza, bularreko minbizia dutenei bideratutako Step aplikazioa da.

Produktuari lotutako guztiarekin batera, enpresa alorra ere landu behar izan dute. «Ekosistema lagungarriko» hainbat erakunderen babesa jaso dute: SPRIren Aurrera finantziazio tresna, BIC Gipuzkoak hazitegian utzitako bulegoa eta emandako formakuntza, Donostiako Sustapenaren DonostiaEkin+ programa... Ekiteak gauza asko irakatsi dizkie eta enpresarekin aurrera daramaten bideak «ekarpen pertsonala» ere egin diela uste du Sanchezek. Alberichek ere iritzi bera du. «Oso aberasgarria da, egunero zerbait berria aurkitzen dugu».

Informazioa berrerabili

Sistemak hainbat osagai ditu. Batetik, gaixoak app baten bidez osatu egiten ditu medikoki balioztatutako galdetegi batzuk, bere egoerari eta tratamenduari buruzko informazio zehatza helarazteko. Sistemak aztertu egiten ditu pazientearen datu klinikoekin batera, eta adimen artifizialeko moduluan algoritmoak ezartzen dizkie, beste gaixoenekin alderatuta profilak atzemateko. Medikuak web aplikazio batean ikusiko ditu emaitzak eta horietan oinarrituta tratamendua egokitu. Alberichen hitzetan, «ebidentzia erreala sortzen du, ebidentzia klinikoaren hutsuneak bete ditzakeena. Aurreko gaixoen esperientziaren informazioa erabiltzeko erreminta bat da». Hots, ospitaleak jada duen informazioa berrerabil dezake medikuari protokoloak egokitzen lagundu eta onkologia zerbitzuen emaitzak hobetzeko.

Step aurten merkaturatuko badute ere, alderdi prediktiboaren ziurtagiria lortzeko denbora gehiago beharko dutenez, 2020. urte amaierarako prest izatea espero dute. Medikuekin eta gaixoekin harremana dute, «estrategikotzat» baitute azken erabiltzaileak garapen eta hobetze prozesuaren parte izatea. Halaber, datuen babes eta segurtasun ziurtagiriak ere kontuan hartu dituzte; baita sistema beste endekapen gaitz batzuk dituztenentzat eta beste herrialde batzuetan erabilgarri izateko moduan sortzea ere.

2018a urte «oso polita» izan da, Naruk hainbat aintzatespen eta mugarri lortu baititu. Toribio Echevarria Sarietan finalistak izan ziren enpresa ideien atalean, eta Pfizer Fundazioaren eta Valentziako La Fe ospitalearen E-Dea erronka irabazi zuten irailean. Sari gisa, Richi Fundation-en bizkortze programa batean parte hartu zuten Bostonen. Han, merkatu estatubatuarraren interesa baieztatu eta Incubation Prize saria eskuratu zuten, aurten bueltatzeko. Abenduan, berriz, DonostiaEkin saria irabazi zuten. Alberichek nabarmendu duenez, guztiek «ateak ireki dizkigute; enpresa ezagutarazi eta kontaktuak egiteko balio izan dute». Bide horretan sakontzea espero dute BIND 4.0. bizkortze programarekin. Hasi duten formakuntzaz gain, start-upak eta enpresak harremanetan jartzen ditu ekimenak, elkarrekin proiektuak burutzeko. Horiek, ordea, zehazten ari dira Naruko arduradunak.

Epe laburrean, egonkortzea, produktuarekin aurrera egitea eta nazioartekotzea prestatzea dituzte helburu. «Nahikoa lan daukagu horrekin», aitortu du Sanchezek. Erronka horiei erantzuteko, pertsona bat gehitu berri diote lantaldeari eta sei kide dira orain.