Garagardo errebeldea

Izen kuriosoa du, artisau eran egina da eta 5,5eko alkohol graduazioa dauka. Hilabete pasatxo baino ez da “La Roja” garagardoak argia ikusi zuela eta oihartzun garrantzitsua lortu du Kolonbian, baina bere zaporeak edo duen kolore gorrixkak baino gehiago bere sortzaileek eman dute atentzioa: FARCeko emakume gerrillari ohiak daude atzean.

Icononzoko (Tolima departamenduan) Gaikuntzarako eta Gizarteratzeko Lurralde Espazioko FARCeko kide ohi ekintzaileen lanaren fruitua da edaria, ekonomia jasangarriaren ildoan ekoiztua. Abenduaren 20an eman zuten aditzera, sare sozialen bitartez, bere jaiotzaren berri: «Bakearen eta justizia sozialaren aldeko proiektu produktiboa da. Oharra: zoragarria da eta 5,5 alkoholduna, ezin hobea jai hauetarako [Eguberrietarako]».

Ekoizpena hasi baino ez delarik eta distribuzioa nahiko mugatua den arren, arrakasta handi samarra lortu du “La Roja”-k: izatez, gerrillari ohiek orain arte martxan jarritako proiektu guztietatik oihartzun handiena izan duena da. Momentuz Bogotan baino ez da banatzen: telefonoz egin daiteke eskaera edota Lubianka izeneko garagardotegian erosi.