Igor ELORTZA
Bertsolaria

Argi baltza

Gauerdian eta whatsappez heldu da baieztapena: joan da Jon. Eta gaitza da benetan mamitzea baietz, norbere bizitzan hainbesteko eragina izan duen norbait, zu, hil zarela.

Telefono-deia izan zen astebete lehenago. Azkenetan zinela. Lasaigarriak emanda, etxean, lo. Ea bisitan joateko moduan ote zeunden, baina... ezezko kontua.

Aurreko aldi batean, 2017ko Txapelketa Nagusiko Durangoko finalaurrekora bidean nindoala, kalean topatu ginen, eta elkarrekin kafea hartuta jesarri ginen saioa entzutera. Bai akordu ederra! Edo Astrako bertso afari hura, duela sei bat urte, zu Unai eta biok entzuten goizaldean, beti gazte.

Atzerago, 2005eko finalaren aurreko Durangoko Azoka egunetan topo, autoa aparkatu berri zinela, bertsotan egiten erakutsi zenigun Kurutziaga ikastolaren ateetatik bertan. Entzun gintuzula irratiz. Harro zeundela gutaz. Berba barik ni...

Dozena erditik gora urte joanak zeuden, harako hura bota zenigunetik, gu bizarra egiten hasi berriak ginela artean: zuk ezin zenigula gehiago erakutsi, eta ordutik aurrerakoa guk geure kabuz egin beharko genuela.

Aurreko sei-zazpi urteetan, eguaztenero bazkaldu genuen elkarregaz, Abadiñoko Abarketeruena zaharreko goiko jangelan, bi-hiru klase ordu irabazita matematikei, historiari edo gramatika-taulei. Indaba gorriak, oilaskoa eta kontuak.

Frankismo garaiko bertso ibilera erdi zein total klandestinoak. Multak. Goierri eta Oñati inguruetako ibilera gogoangarriak. Xalbadorren bertsoak; eta txistuena. Zeure borrokak bertso txapelketetan; antolakuntza, epaile eta konponezin. Pentsu saltzailetzak Bizkaian hara-hona. Dinamita lapurretaren bat; ez dakit oraindik idatzi litekeen hemen. Euskararen aldaerak euskal herrietan. Bittor Kapanaga. Iturri. Uztapide. Altzu. Azpillaga. Eta beste hainbeste jende, leku, egun. Bizipen.

Ordua etortzen zitzaigun, eta eskolaren bat topatu behar hogeita hamarren bat umeren aurrean bertsotan egiteko. Bertsolari egiteko. Bertsolari bertsotan egiteko.

Kanpantxun batzen gintuzun denok. Ni legez, betirako marka utzi diezun Bizkaiko hainbeste gaztetxo. Etxahun Iruriren kantak, fandangoan dantzan, pilotan. Minimoa denok ikasi genezan gura zenuen. Antzerkian, literaturan, musikan, zineman... egiten dugu topo orain. Eta probetxuzkoagotzat jo ohi diren beste zeregin batzuetan ere bai. Hori ere esaten zenigun. Gaitasuna daukanak, ikasi.

Atzera joz, lehenengo eskolak. Ea doinurik badakigun. Ez zenbatzeko. Kantatzeko amaiera, berbak doinuan sartuz. Errima bota zuk; lehenengo puntua guk. Hurrengo errima. Eta hurrengoa. Ea gogoan genuen amaiera. Ez ahazteko amaiera. Inoiz.

Estreinako eguna. Dozena bat neska-mutil, eskola orduetatik kanpora, ikasgelan, gauza berri bat probatzeko gogoz. Zure zain. Ba ei zentozen. Jon. Baltza.