GARA
IRUÑEA

Mobilizazio eta lanuzteak eginen dituzte Iruñerriko billabesen zerbitzuan

Iruñerriko garraio publiko kolektiboa kudeatzen duen TCCko Enpresa Batzordeak deituta, mobilizazioak eta lanuzteak eginen dituzte datozen egunetan Iruñerriko billabesen zerbitzuan, garraio publiko kolektiboan sinatutako akordioa salatzeko helburuarekin.

TCCko langile batzordean gehiengoa duten LAB, ELA eta ATTU (Agrupacion de trabajadores de Transporte Urbano) sindikatuek agerraldia egin zuten atzo Iruñean, protesta horien inguruko informazioa emateko eta horretara bultzatu dituen arrazoia enpresan gutxiengoa diren CCOO eta UGTk enpresarekin adostutako ituna gaitzestea dela agertzeko.

Mobilizazioak eginen dituzte Iruñerriko autobus zerbitzuan; lanuzteak, tartean. Izan ere, konbentzituta daude aipatutako azken bi sindikatuek adostu duten akordioak «langileak are gehiago prekarizatu eta saltzea» ekartzen duela.

Negoziazio mahaia, irekita

ELA, ATTU eta LABek prentsaurrekoan oroitu zutenez, iragan abenduan hauteskunde sindikalak egin ondotik, CCOO eta UGTk ordura arte zuten gehiengoa galdu zuten TCCn, baina jarraian langileen estatututik kanpo dagoen akordio bat sinatu zuten enpresarekin.

«Negoziazio kolektiboa zapuztu zuten, eta enpresak egina zuen azken proposamena goitik behera jaso zuten», adierazi zuten protestak deitu dituzten hiru sindikatuek.

Gaur egun Enpresa Batzordean gehiengoa dute ELA, ATTU eta LABk, eta ez dute akordio hori onartzen «ez duelako hitzarmen baten mailarik eta langileriaren zati handi bati prekaritate handiagoa dakarkiolako». Hortaz, TCCko Enpresa Batzordeak elkarretaratzeak eta lanuzteak antolatu ditu. Gainera, langile guztiendako hitzarmen kolektibo bat lortzeko negoziazio mahaia irekia dagoela ulertzen dute.

Oraingoz, hiru deialdi luzatu dituzte: lehenbizikoa, otsailaren 12an izanen da, asteartearekin. Elkarretaratzeak eginen dituzte CCOO eta UGTren egoitzen aitzinean, 12.00etan eta 17.00etan, hurrenez hurren. Eta parte hartzera animatu dituzte langileak.

Ostegunerako, berriz, TCCko 520 langileak lau orduko lanuztea egitera deitu dituzte, 12.00etatik 16.00etara hain zuzen ere. Elkarretaratzea ere eginen dute, Iruñeko Merindade plazan.

Astebete geroago, otsailaren 21ean, bertze lau orduko lanuzte bat eginen dutela iragarri zuten, baina oraindik ez dute ordutegia zehaztu.