2019/02/10

JOSU ZABALA
MUSIKARIA

Josu Zabalak (Otxandio, 1954) badaki «Hertzainak» diskoak 35 urte bete dituela, baina ez dio berebiziko garrantzirik ematen; «57 izan litezke», esaten digu. Onartzen du, dena den, denborarekin jabetu dela lan horrek pertsona askorengan izan duen eragina. Garai oso baten isla izan zen hura, eta eskertzen du jendeak egindakoa aitortzea, polita delako, baina ez du uste nostalgian endredatzea gauza ona denik.

«Musikak gizartean eragin handia zuen orduan; orain ez, balio hori galdu du»
Iker BIZKARGUENAGA|BILBO
0210_eg_hertzainak2

Nola gogoratzen duzu diskoaren grabaketa prozesua?

Gogoan dut sekulako txanpa izan genuela, denbora asko eman zigutelako diskoa osatzeko; hilabete bat pasa genuen. Marino Goñik aukera hori eskaini zigun, eta esan genezake gaurko garaiekin alderatuta hura superprodukzio bat izan zela. Baina tira, beste garai batzuk ziren. Guk esperientzia txiki bat bagenuen, grabaketa bat zer zen bagenekien, baina oso musikari eskasak ginen, eta denbora hori guztia erabili genuen. Eta zortea izan genuen. Oro har nahiko prestatuta eraman genuen grabaketa, baina esperimentatzeko eta inprobisatzeko aukera handiak izan genituen. Eta nik uste dut horrek guztiak lagundu zuela disko borobila atera zedin.

Diskoak sekulako arrakasta izan zuen, eta pare bat belaunaldi gutxienez markatu ditu. Halakorik espero al zenuten?

Ez, gu ez ginen batere kontzienteak. Gogoan daukat Marino Goñiri etengabe esaten geniola «tío, te vas a arruinar», eta berak «segi lanean, segi lanean» erantzuten zigun. Nik esango nuke Marinok bazekiela garai horretan zer suposatuko zukeen gurea bezalako disko batek. Gu, aldiz, erdi jolasean sentitzen ginen, oso jolas serio batean, bai, baina ez genuen gure lanaren balioaren kontzientziarik.

35 urte beranduago gazte askok abesti horiek buruz dakizkite. Hori ikusteak zer eragiten du?

Ez dakit… Alde batetik, denborarekin konturatzen zara zerbait garrantzitsua izan zela, eta, tira, denok daukagu ego txiki bat barruan, eta pozgarria da. Batez ere, jendeak aitortzen dizunean. Ni bakarka nagoenean ez dut pentstazen, «jo, ze disko kojonudoa egin genuen», baina hainbestetan aipatzen dit jendeak, non eskertu behar dudan. Eta, bai, nolabaiteko poza, harrotasuna, ez dakit nola definitu, sortzen da. Baina, beste alde batetik, kontrakoa ere gertatzen da, zeren iruditzen zait gure disko hura garrantzi handiko gauza bat izan zela garai zehatz bat deskribatzen zuelako, edo deskribatzen saiatzen zelako, garai horren argazki bat zen. Eta uste dut gaur egun gazteek beste argazki bat izan beharko luketela, ez hura. Eta gaur “argazkilari” onak badira, musikari eta talde on asko dago, baina ematen du zailagoa dela gurea bezalako disko batek lortu zuen eragina lortzea. Nik uste dut nostalgia ez dela ona, eta, alde horretatik, sentimendu kontrajarriak ditut.

Iragana idealizatu egiten da?

Bai, apur bat idealizatuta dago. Baina ez da hori bakarrik; garai horretan musikak eragin handia izaten zuen gizartean, eta gaur egun iruditzen zait musikak ez duela hainbesteko efektua eragiten, nonbait, hor badagoela tresnaren balioaren galera bat. Musika garrantzi handiko gauza bat zen, jendeak behar zuen, gosea zegoen musikarekiko, eta agian orain hori falta da. Badakit gaur egun produktu oso onak egiten direla, baina ez dira gizartean geratzen, ez da horien eragina hain nabarmen ikusten.

Agian orain musikaren izaera ludikoa hobesten delako?

Baina garai horretan ere musika oso ikuspegi ludikoarekin hartzen zen... Gerta daiteke gaur musika gehiegi dagoela, eta ez dagoela goserik, omnipresentea da, ia ezin zara musikarik gabe bizi, nahiz eta saiatu. Orduan jendea musikaren bila ibiltzen zen, gaur egun musikak inguratzen gaitu. Desberdina da.

Orduko beste talderena bezala, zuen eragin nagusia Ingalaterratik zetorren punka zen, ez?

Bai, punkari esker sortu genuen guk talde bat. Gure trebezia eskasarekin ezin zen bestela izan. Pentsa, rock sinfonikoa modan zegoen garaian guk Pink Floyden moduko talderik ezin genuen imajinatu ere egin, baina punka oso gauza eskuragarria eta erraza zen, eta horrek bidea egiten hastera animatu gintuen. Eta hortik ikasi, eta jarraitu….

Eta gaur egungo euskal musikagintza nola ikusten duzu?

Krisi batetan apur bat, publiko krisi batetan. Gure garaian musika lokalak garrantzi handia izan zuen, jendeak sekulako jakinmina zeukan, eta edozein aukera aprobetxatzen zuen bertako taldeak ikusteko, animatzen gintuen… fenomeno sozial bat izan zen. Eta gaur egun musika beste modu batera ulertzen da, eta nahiz eta gure herrian sekulan ez den hain musikari onik egon, musika ez da saltzen, publikoa ez da kontzertuetara joaten, eta kontzertuetan publikoa ez da gaztea. Hori da kezkagarriena. Gure garaian gazteak ziren gure publikoa, eta gainera gazte asko ginen. Gaur egun, gazte gutxiago dago giza-piramide horretan, eta gazteriak, oro har, belaunaldi moduan indarra galdu du. Musika ere era desberdin batean kontsumitzen da, modu oso indibidualistan; bakoitzak bere musika jeitsi eta kaskoekin entzuten du. Gure garaian norbaitek disko bat erosi, lagunari pasatzen zion eta komentatzen genuen, edo tabernetara batera joaten ginen musika entzutera, kontzertuetara… Esperientzia kolektibo bat zen.

Urteek ematen duten perspektibarekin, diskoa zer iruditzen zaizu, ezer aldatuko zenuke?

Tira, diskoa berriro grabatu beharko bagenu askoz hobeto egingo genukeela iruditzen zait, nahiz eta Marino gurekin asko saiatu zen. “Drogak AEKn” abestiaren bukaera entzutean disparate musikal bat iruditzen zait, askoz hobeto jo beharko litzatekeela. Baina, ze arraio, hasiberriak ginen eta horrela gertatu zen. Eta garai horretarako, garrantzi handiko diskoa izan zela uste dut. Hortxe dago. Gero bitxikeria asko izan ziren; “Arraultza pinu batean” nola grabatu zen, Banda Municipal de Ska-ren laguntzarekin, inprobisazio handiarekin... garaiko ezaugarriak ziren; askatasun handia eta eromen karga handia.

Ezinbestekoak...

Bai, horrela egiten dira gauza interesgarriak.

ARGAZKIA


«Disko horrek garai zehatz bat deskribatzen zuen, edo saiatzen zen, eta uste dut gaurko gazteek beste argazki bat izan beharko luketela»

GOSEA


«Agian gaur musika gehiegi dago, eta ez dago goserik. Orduan jendea musikaren bila ibiltzen zen, gaur musikak inguratzen gaitu»