Maitane ALDANONDO
DONOSTIA
Elkarrizketa
MIREN LAUZIRIKA
EKINTZAILEA ETA EMAKUMEEKIN ELKARTEKO LEHENDAKARIORDEA

«Hezi gaituzten moduak eragina du emakumeon ekiteko eran»

Miren Lauzirika (Getxo, 1978) Art of Life! proiektuaren burua eta EmakumeEkin elkarteko lehendakariordea da sorreratik. Laster aldaketak egingo dituzte, eta aurreikusten da bera izendatzea lehendakari berri. 2012an Bizkaian martxan jarri zuten sareak 126 kide ditu eta berezko ezaugarria du %99k eratu dutela beren proiektua, beren kontura lan egiten dutelako edo enpresa abiarazi dutelako.

Bizkaian tokia egitea lortu du EmakumeEkinek, eta orain, gauza bera egin nahi du Araban eta Gipuzkoan. Horretarako, emakume ekintzaileei bideratutako EmakuMeeting saio irekiak egingo dituzte urtean zehar. Horiez eta etorkizuneko erronkez mintzatu da Lauzirika.

Labur esanda, zein da EmakumeEkinen jarduna?

Emakume ekintzaileen beharrei erantzutea, bereziak direlako, eta ahalduntze prozesuan murgiltzea; batez ere, jabe daitezen zeintzuk diren barruko eta kanpoko mugak. Identifikatuta ditugu emakume bezala gizartean ditugun ezberdintasunak; ez, ordea, enpresa sortzeko edo aurrera eramateko ditugunak. Sentitzen dugun horri izena jartzen diogu eta komunean dugula erakutsi, atzetik genero osagai indartsua baitu. Beraz, batetik kontzientzia hartzea, eta bestetik, sarea sortzea elkar laguntzeko eta bistaratzeko.

Zeintzuk dira muga horiek?

Hezi gaituzten moduak eragina du emakumeon ekiteko eran; kanpo eta barne gabeziak ditugu. Batetik, ingurukoen aitortza, babesa, animoa... txikiagoa da. Ingurukoek seriotasun edo legitimotasun gutxiago ematen diote. Bestetik, erreferente falta. Lagunartean, familian, aldizkarietan... enpresa arloko erreferenteak zeintzuk dira? Emakume ekintzaileak badaude, baina non? Eta horri lotuta, arrakastaren eredua. Badirudi hazkundeak esklusiboki ekonomikoa behar duela eta ekintzaileak berak bakarrik lortzen duela, inoren laguntzarik gabe. Estereotipo horiek ez dira onak inorentzat, asko ez baitira hor islatzen. Zure arrakasta eredua zein den pentsatu behar duzu, zure behar edo nahiak identifikatuta.

Beraz, ekintzaileen bakardadea leuntzen duzue.

Norbere kontura lan egitean bakardade puntu bat badago. Irla bat izatetik artxipelago bat izaterako pausoak indar handia du. Niri gertatzen zaizkidan gauzak komunean jarri, eta beste batzuei ere gertatzen zaiela ikusteak indar handia ematen du aurrera egiteko eta hobeto joateko. Sarea aberatsa eta indartsua da; sektore eta profil oso pluralekin, eta kideen %99 enpresa sortzaileak dira.

Hilero «emakumeeting»-etan elkartzen zarete. Zer dira?

Bazkideek ardurei edo beharrei erantzuten diegu lantaldean, dinamika bereziekin eta genero ikuspegitik. Esaterako, «autorregateoa», hau da, inork eskatu gabe prezioak jaistea. Nazioarteko Diru Funtsak (FMI) 2014an egindako ikerketa baten arabera, soldata arrakala ia bikoitza da Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeko (OCDE) herrialdeetan besteren kontura eta norbere kabuz lan egiten duten emakumeen artean, %16 eta %28, hurrenez hurren. Horri aurre egiteko tresna zehatzak landu ditugu. Beste batzuetan, saretzea, proiektu berriak sortzea...

Arabako eta Gipuzkoako kide berriak erakartzeko saio irekiak egiten ere ari zarete, ezta?

2017an Neskworking ekitaldia Bilbotik Donostiarako trenean egin genuen eta Tabakalerako Impact Hub-ean jarraitu. Benetan beharra eta nahia badagoela ikusi genuen, eta horrek ez du lurraldetasunik. Araban eta Gipuzkoan bazkideak baditugu, baina elkartea ez da hain ezaguna. Presentzia proportzionalagoa lortu nahi dugu, orekatzea.

Zeintzuk dira hurrengoak?

Hilaren 22an Gasteizen networkingean sakondu eta lankidetza aukerak bilatzeko saio bat egingo dugu; apirilaren 26an, aldiz, Donostian Art Thinking tailerra egingo dugu, artearen bidez gure negozioei buruzko informazioa lortzeko; eta maiatzekoa zaintzari buruzkoa izango da. Gasteizen shinrin-yoku teknika landuko dugu; hau da, basoan ibiliko gara, noiz, nola eta zertarako lan egiteari utzi hausnartzeko. Beste batzuk ere egingo ditugu, baina azaroaren 19koa berezia izango da. Nazioarteko Emakume Ekintzaileen Eguna da eta Emakumeetinga atomizatuz gauzatuko dugu. Hau da, saio bakarra egin beharrean hiriburuetan, hainbat kafe hartuko ditugu toki askotan aldi berean. Ezezagunak diren edo bestea ere ekintzaile dela ez dakitenen artean lotzeko momentu bat sortuko dugu. Bistaratzeko zure arreba ekintzailea dela, zuk hala ikusi ez baduzu ere, edo auzokoa, zure nagusia...

Sorreratik elkarteko lehendakariordea zara eta, ezustekorik ezean, lehendakari bilakatuko zara aurki. Nola bizi izan duzu urratutako bidea?

Elkartea bera beste ekintzailetza proiektu bat izan da, lantaldean egindakoa. Lantaldeko kideok gure lanean egin ezin ditugun gauzak egiteko aukera izan dugu; eta horrek gure profila aberastu eta estimu profesionala indartu du. Egunero jasotzen dugun feedbackak erakusten digu lan horrek merezi duela. Erabilgarria dela ikustea da arrakasta. Motibazioaren eta lortutakoaren aldetik, oso harro egoteko modukoa da.

Emakume ekintzaileak ikusgarriago al dira orain?

Bai. Uste dut gizartean kontzientzia aldaketa gertatzen ari dela, eta duela sei urtetik olatu horretan gu egotea oso positiboa da. Denok goaz aurrera. Hasieran kontzeptu batzuk azaltzen genituenean jendeak ez zuen hainbeste ulertzen eta egun errazagoa da.

Zer erronka dituzue orain?

Sarea hedatzea eta aberastea, ez dauden sektoreak ere barneratuta. Baita oihartzuna handitzea ere. Bestalde, Bizkaian erakundeekin lan egin dugu genero ikuspegia ekintzailetzan lantzeko programetan; eta orain beste lurraldeetan ditugun harreman berriak gehitu eta sendotu nahi dugu.