2019/02/11

JONAN ETXEBARRIA GONZALEZ
SOROSLEA ETA SURFLARIA

Esperientzia handiko soroslea, surflari beteranoa eta doom musikaren zale porrokatua. 46 urteko sopeloztar honek surflarientzako sorospen liburu bat kaleratu du, bere kabuz, «kamisetak ateratzen diren bezala». Berriki Sopelan agertu zen baleari uretatik ateratako irudiak berak hartuak ziren.

«Jendea konturatu da sorosle lana serioa dela; lehen arraroak ginen»
Haritz LARRAÑAGA|Sopela
0211_its_joananek1

Arropa ilunak janzten ditu, bere surf taulak ere beltzak dira, eta Melmak taldearekin oholtza gainean gitarra jotzen ari denean beldur apur bat eman dezake. Baina itxurak ez zaitzatela engaina, Etxebarriak gehien maite duena jendea laguntzea da. Urtarrilean, argitaletxeen laguntzarik ez zuenez, Socorrismoparasurfistas.com webgunea sortu eta liburua bere kabuz saltzen hasi zen. Eta arrakasta izaten ari da.

Noiz eta nola hasi zinen surfean eta sorosle lanean?

Txikitan hondartzan ibiltzen nintzen gazteluak egiten eta olatuak txanpan hartzen. 1986an hasi nintzen surf egiten. Gero, “Vigilantes de la playa” telesaila ikusten hasi nintzen eta gogoa piztu zitzaidan, eta 96an Bizkaiko federazioan sorospen ikastaroak egin nituen. Oroitzen dut Aitor Francesena, Gallo, zela irakasleetako bat.

Hortik aurrera boluntario moduan sorosle, uda hondartzan pasatzeko modu bat. Ordutik beti Bizkaian lan egin dut, hainbat arlotan, eremuetako koordinatzaile, uholdeetako atalean, formakuntzan...

Nola uztartu zenituen surfa eta sorospena?

Bizkaian sorosle lana eta surfa eskutik helduta joan dira, eta hori da nik egin nahi nuena. Bizkaiko hondartza guztietako sorosle postuetan bada gutxienez longboard bat, eta oroitzen dut nola Gallok hori behin eta berriz azpimarratzen zuen, erremolke metodoak nola egin, eta abar.

Gerora, monitore titulua ateratzen ari nintzenean gauzak hobetu zitezkeela konturatu nintzen eta 2007. urtean monitore izan behar zutenei sorospen ikastaroak emateko aukera eskaini zidatenean gidaliburua aldatzeko metodoari forma ematen hasi nintzen.

Zure sorospen metodo propioa sortu duzu?

Ez nuke esango nire metodoa denik. Jende askorekin partekatzen ditut ideiak. Azken finean, helburua laguntza behar duenari uretatik ateratzen laguntzea da. Mundu osoan zehar bidaiatu dut. Indonesia, Mexiko, Brasil,... eta gauzak ikusten dituzu, esperientziak biltzen joaten zara, jendearekin hitz egin eta haien esperientziekin ikasten. Beraz, besteengandik ikasitakoa eta nire esperientziak uztartuta, pixkanaka nire metodoa lantzen joan nintzen.

Orain olatu handiak hartzen ibiltzen diren surflari asko oso gazteak zirenetik ezagutzen ditut, eta maiz hitz egiten dugu, beraien esperientziak kontatzen dizkidate, eta egoera bakoitzean irtenbiderik onena zein izan daitekeen eztabaidatzen dugu.

Zein da metodo egokiena?

Ez dago metodo zurrun bat. Kasu bakoitzak aukera desberdinak eskaintzen ditu. Esaterako, bi metrora arroka bat duzu, parean lau metroko olatu bat dator eta zure lagunak politrauma bat du, zer egin behar duzu? Ba agian, “antimetodoa” aplikatu beharko duzu.

Uretako motorrarekin ere aritzen zara?

Ez naiz olatu oso handietan aritzen, lau metro arte sartzen naiz, baina Punta Galean uretako motorrarekin sorosle lanetan ibili naiz. Ez da gauza bera, surflaria urautsian dago, etortzen den edozein olatuk azpian atzeman dezake, edo olatuan erorketa txar bat, bakarrik dago, ordea; sorosleak uretako motorrarekin arriskutik ihes egiteko aukera gehiago du baina, egia esan, zerbait gertatzen bada motorra irauliz gero edo, arriskua handiagoa da.

 

Zein da azken urteetan sorospen zerbitzuek jaso duten laguntza esanguratsuena?

Lehenik, sorosle lanak aintzat hartzea. Jendea konturatu da lan serioa dela. Lehen arraroak ginen; «hauek hemen ligatzeko daude», pentsatzen zuen jendeak. Orain, probak pasa behar dira, eta ez nolanahikoak. Irudi aldetik ere, asko irabazi da.

Egun albisteek duten oihartzun mediatikoak ere lagundu du. Zeren erakunde bateko ordezkari bat agertzen denean sorosleei uretako motor bat eman diela iragartzen, guztiok irabazten dugu. Ordezkari horrek nahi zuen irudia lortu du, guk lanerako tresna berri bat izango dugu, eta jendeak, arazo bat baldin badu, tresna horri esker gauzak errazago egin ahal izango ditugu.

Nolatan izan zenuen surfa eta sorospena batzeko ideia?

Ez dut ezer berria egin. Kahanamokuk jada egin zuen hori herrialdez herrialde ibili zenean. Edo Edie Aikauk Waimeako sorosle izendatu zutenean. Orduan, egin dudana da hori hartu eta nire bizipenekin uztartu. Esperientzia handiko surflarien kontakizun laburrak ere atxiki ditut. Baina liburuan ez dira Axi Muniain edo Natxo Gonzalez bezalako surflari ezagunen esperientziak bakarrik agertzen, zeren istripu bat edozein surflarik izan dezake.

Zergatik erabaki zenuen liburu bat argitaratzea?

Egin beharra sentitzen nuen. Gertaera asko ikusi ditut. Perura joan eta, bat-batean, 3 neskato itotzen eta ni nire taularekin bakarrik. Costa Ricara joan eta itotzen ari ziren bi turista atera behar. Hossegorrera joan eta bainulari bati suspertze ariketak egin behar, eta beti horrela. Sarri gertatu izan zait norbait uretatik ateratzen lagundu beharra.

Esperientzia handia duten lagunek ere aitortzen dute noizbait beren burua gaizki ikusi dutela. Momentu batean denok galdetu izan diogu geure buruari, «zer egiten dut hemen?».

Euskal Herriko Surf Federazioak olatu handietarako jendea prestatzeko antolatu zuen ikastaroan ere parte hartu nuen eta ikusten nuen jendeak gaiarekiko interesa zuela. Ondorioz, ikasgaiak emateko prestatu nuen materialarekin eta bizipen pertsonalek bultzatuta, liburu bat egitea erabaki nuen.

Nori zuzenduta dago liburua?

Edonori. Sei urterekin surf eskola batean ikasten hasten den haur batetik hasi eta surf ikastaroak ematen dituen monitore batera; edonorentzat balio du. Denetik dago liburuan, baina nahiko orokorra da, teknikoegia izan gabe, edonork ulertu ahal izan dezan. Azken finean, edonori gerta dakioke zerbait.

Adibidez, hondartzan zaude eta ikusten duzu urertzean norbait ziplo erori dela; zer egin behar duzu? Edo alderantziz, surf egiten ari zara eta besoa atera zaizu, bakarrik zaude, zer egin behar duzu? Liburuan agertzen dira kasu posibleak, ohikoak, eta aditu bat izan gabe egoera horiei aurre egiteko informazioa eskaintzen da.

Zein da erreskate bat ongi burutzeko beharrezko osagaia?

Burua. Lasai egoteko gai izatea. Meñakotzen bazaude eta lagun bat konortea galduta eta buruz behera dagoela ikusten baduzu, lasaitasuna mantendu, berarengana joan eta, erabili behar duzun erreskate metodoa zein den jakinda, laguna atera. Edozein egoeraren aurrean lehenik lasaitasuna, eta gero, zer egin behar den jakin. Eta azkenik, ekin, pentsatu gabe. Negar egiteko astia izango da gero, baina unean, egin behar dena egin.

Segurtasun ikuspegi batetik, zein aholku emango zenioke surflari bati?

Uretara sartu aurretik egoera aztertu eta izan daitezkeen arrisku posible guztiak begiztatu ostean agertoki txarrena kontuan hartzeko. «Aukera txarrenaren protokoloa» oso eraginkorra da. Hau da, pentsa ezazu uretara sartu aitzin gerta dakizukeen egoera okerrena zein izan daitekeen.

 

Eta erreskate bat egin behar duen norbaiti?

Lehenik ikasi eta gero praktikatu. Nik jendeari praktikatzeko gomendatzen diot. Nik Peña Txurin surf ikastaroak ematen nituenean sarritan egiten nuen ikasleekin. Begira, hori adibidez, Frantzian oso ongi lantzen dute. Joan den irailean Landetara joan nintzen surf egitera. Bi metro zeuden, eta bat-batean, nire ondoan, bi gaztetxo igerian olatuak hartzen ari ziren sorospen eskolaren aurrean eta ongi pasatzen ari ziren. Gaztetatik hezten dituzte; hori da hemen falta dena. Afera soziala ere bada.

«Waterman» kontzeptua gustatzen zait; alegia, itsasoan diziplina desberdinak lantzea, zeren surflari bati taula kentzen diozu eta larrugorrian sentitzen da.

Izan duzu sorospen lana egiten jarraitzeko gogoa eman dizun bizipenik?

Bai eta ez. Adibidez, duela urte gutxi Bakion, infartu bat izan zuen pertsona batekin esperientzia oso txarra izan nuen. Baina esperientzia onak ere badira, ongi amaitzen direnak. Ikusten duzu jendea inplikatzen dela, arrantzaleak, sorosleak eta beste kide asko beren onena ematen pertsona bati laguntzeko.

Amaitzeko. Irakurleei mezuren bat helarazi nahi diezu?

Bai. Edizio bat euskaraz atera nahi nuke, baina nire euskara oso mugatua da; beraz, lagun diezadakeen norbait animatzen bada sekulakoa izango litzateke.

Bizkaian sorosle lanak eta surfa beti eskutik helduta joan direla esan daiteke, eta horixe zen nik egin nahi nuena.Jendearekin hitz egin, beren esperientzietatik ikasi eta nire esperientziekin uztartu. Horixe da egin dudana.

Ez dago metodo zurrun bat, egoerak agintzen du. Batzuetan «antimetodoa» da metodo onena.«Aukera txarrenaren protokoloa» oso eraginkorra da: egoera txarrena aurreikusi eta aurre nola egingo diozun aztertu.