2019/02/12

Gasteizko Artium zentroak artistekin topaketak antolatu ditu, horien obrak aztertzeko
GARA|GASTEIZ

Gasteizko Artium museoak artistekin topaketak sustatuko ditu ekaina bitartean. Programa honen baitan, hainbat artistak beren obrak aztertu ahal izango dituzte bisitariekin batera. Egileek garatzen duten sorkuntza prozesua azalduko diete pieza horiek testuinguru batean kokatu ahal izan ditzaten.

Edu Hurtadok abiatu zuen egitaraua urtarrilean. Gaur Ixone Sadabaren txanda da eta Ana Roman martxoaren 7an arituko da. Horren atzetik etorriko dira Abigail Lazkoz (apirilak 10), Fernano Sinaga (maiatzak 16) eta Concha Prada (ekainak 6). Topaketak auditoriumean hasiko dira, artistak hitzaldia eskainiz. Ordu erdi inguru iraungo duen saioaren ostean, Hegoaldeko Aretoan jarraituko dute, Artium museoko bilduma osatzen duten piezen gainean mintzatzeko.

«Arteak ikusteko modu desberdin bat planteatzen digu, zeinak modu ez arruntetan pentsatzera eta arrazoitzera bultzatzen gaituen. Horregatik, ikusgai dauden obrak egin dituzten artistak ezagutzeak eta horiekin hitz egiteko aukerak analisi zabalagoa egiteko tresnak ematen dizkigu», aipatu zuen Arabako Kultura diputatu Igone Martinez de Lunak.

Era berean, zentroko zuzendari Beatriz Herrazek programan parte hartuko duten artisten obrei errepasoa egin zien, eta zuzeneko harreman horren aldeko apustua egin zuen.

Bere hitzetan, horri esker «bisitariekin harreman bat» sortzen da «modu ez arrunt batean», eta artistak «museora beste jarrera batekin doaz».

«Artistei ahotsa eman nahi diegu, beraiek hitza hartzea, eta bisitariekin elkarrizketa has dezatela», gehitu zuen. Ekimen honen bitartez artelan bat sortzeko garaian erabiltzen dituzten prozesuen berri emango dute egileek.


 

Loading player...