GARA
ZAMUDIO

Gestamp GTHko langileek eserialdiarekin hasi dute bi asteko greba deialdia

Abenduaren 31n iraungi zen enpresa ituna eta hitzarmen duin bat aldarrikatzen dute langileek. Negoziazioak irailean hasi ziren, baina tartean egindako mobilizazio eta bileretan ez da ezer aurreratu.

Zamudioko Parke Teknologikoan kokatuta dagoen Gestamp taldeko GTH faktoriako langileek 15 eguneko greba hasi zuten atzo, eserialdi batekin eta, enpresa batzordearen arabera, erantzun «oso zabala» izan du: «%100eko jarraipena tailerrean eta %85ekoa ingeniaritzan».

Lakuak lau urterako lankidetza-hitzarmena sinatu zuen Gestamp taldearekin, automobilgintza sektorearen lehiakortasuna handitzera zuzendutakoa. Honi lotuta, kexu agertu ziren; izan ere, beraien ustez, «ezin da onartu Gestamp bezalako goi-mailako talde batean, Eusko Jaurlaritzaren babesarekin, lehen eta bigarren mailako langileak egotea». «Gestampen lehiakortasuna ezin da oinarritu langile kolektibo bat prekarizatzean», azpimarratu zuten.

150 langile baino gehiago ditu GTHk Zamudioko lantegian eta Estatu espainoleko lantegi bakarra da estanpazio beroa erabiliz trokelak egiten dituena. Abenduan amaitu zen hitzarmenaren negoziazioa irailean hasi zuten eta bi hilabetez emaitzarik ez zegoela ikusita, mobilizazioak egin zituzten. Urtarrileko lehenengo astean geldialdiak egin zituzten eta ordutik, hainbat bilera eduki arren, ez dute ezer aurreratu.