GARA
DONOSTIA

Gipuzkoako adinekoen egoitzetarako greba egun gehiago iragarri dituzte

ELA eta LAB sindikatuek deitu dituzte geldialdi hauek Gipuzkoako zahar egoitzetan, baina bakoitza bere aldetik mobilizatuko da. Otsailaren 20tik aurrera 19 greba egun iragarri dituztela jakinarazi zuen ELAk. LABek, aldiz, otsailaren 25 eta 26rako egin du greba deialdia.

Gipuzkoako adinekoen egoitzetako gatazkan adostasunik lortu gabe jarraitzen dute. ELA eta LABen arteko desadostasuna nabarmena da, baina bi sindikatuak kexu dira Foru Aldundiaren jarrerarekin.

LABek, esaterako, administrazioa kritikatzen du ELA eta patronalen arteko «azpijokoa» baimentzearren. Egoitzetako bi patronalekin aurreakordioa sinatu zuen ELAk, eta LAB kexu da hitzarmen hau negoziazio mahaitik kanpo sinatu delako: «Nor da ELA, Gipuzkoako helduen egoitzetako hitzarmenaren negoziazio mahaian parte hartu nahi ez eta, mahai honetatik kanpo, patronalekin adostasunetara iristeko?».

Gipuzkoako Foru Aldundian mobilizatu ziren atzo eguerdian LABeko ordezkariak «haserrea adierazteko» eta hitzarmen duin bat aldarrikatzeko. Era berean, mahai-negoziatzailera itzultzeko exijitu zioten ELAri eta bertan burutu ditzala negoziazioak.

Negoziazioa bi urtez geldirik egon dela zehaztu zuen ELAk eta harrotasunez adierazi zuen, greba egunen aurrean, sektoreko bi patronal berarekin harremanetan jarri zirela «konponbidean urratsak egiteko bidean».

Aurreakordioa ere lortu zuten gehiengoa ordezkatzen duten patronalekin, baina ELA ere kexu da Aldundiarekin, akordioa hautsi baitzuen «hitzarmenaren kostu handia aitzakia» gisa erabiliz: «Argi utzi dute nahiago dutela 5.000 langileen baldintzak are gehiago gogortu».