Idoia ERASO
BAIONA

Inauteriak jaialdi egin dituen Hartzaro, urtez urte sendotuz

Astearte gizenean, hartzaren aroa agurtzeko, 200 bat artista bilduko ditu Hartzarok Uztaritzen. Atzo abiatu eta martxoaren 5ean bukatuko den festibala, inauteria aitzakia hartuta, euskal kultura tradizional eta garaikidearen ezinbesteko plaza bilakatu da 23. urtez.

«Urtetik urtera sendotzen eta ontzen joaten da Hartzaro. 20 urte baino gehiago pasa dira, eta konparatuz ikusten da anitz handitu dela. Lehen bagenuen asteburu bat doi-doia, eta orain baditugu hamabi-hamahiru egun ospatzeko», adierazi du Filipe Lesgourguesek. Jaialdiaren antolatzailea den Herri Soinu elkarteko presidentea da Lesgourgues, eta festibalean «artista eta ikusgarri sorta handia» dagoela baieztatu zuen gomita zabalduz.

Hartzarok irauten duen egunetan 500 artista elkartuko dira Uztaritzen. Dozenaka zenbatzen dira hitzorduak, eta parte-hartze handiena astearte gizenean izaten da beti, aurten martxoaren 5ean. Orduan 200 bat dantzari, musikari, antzezle, kantari... bilduko dira.

Artisten artean profesional zein amateurrak sartu dituzte programan, hori baita hitzorduko ezaugarri nagusietako bat: «Gure xedea, hastapenetik –eta horretan segitzen dugu–, amateurrak profesionalekin ematea da, horrela elkarrekin nola egiten duten ikusten dute, eta ikasten dute».

Indartu

Denborarekin ezagun egiten joan den heinean, azken sorkuntzak aurkezteko agertoki bilakatzen joan dela nabarmendu du presidenteak: «Euskal Herrian zehar ibiltzen diren talde profesional eta amateurrak guregana heldu dira. Oraindik joaten gara taldeengana zer proposatzen duten ikusteko, baina gero eta gehiago alderantziz da».

Artistentzat bezala ikusleentzat ere hitzordu garrantzitsua bilakatu da Uztaritzekoa: «Ikusleak ere jiten dira, arruntak ez diren gauzak ikustera, bada heziketa bat jendearengan ere». Horren adibide gisara, Zuberoatik helduko diren 20 dantzariak dira: jantzi tradizionalekin eta dantza eskolatik helduko badira ere, “Uda batez” ikuskizun garaikidea eskainiko dute.

Euskal dantza eta musika taldeak elkartzeko «Iturburua»

«Iparraldeko ohiko musika eta dantza baliabideen gunea» izan nahi duen Iturburua elkartea 2018an sortu zen. Urte honen bukaerarako, bertatik abiatuko diren proiektuei eta xedeei buruzko txostena aurkeztu behar diete Euskal Elkargoko hautetsiei, elkartearen izenak adierazten duena paperetik errealitatera iragateko. Arazorik ezean, bi urte barru abian egon daiteke.

«Proiektua bada bospasei urte abiatu zela, hasi ginen pentsatzen Uztaritzen behar zela gune berezi bat ohiko musika eta dantza gurutzatzeko, ageria baita berezituak direla, bai Iparraldean, bai Hegoaldean», azaldu du Filipe Lesgourguesek, Herri Soinu elkarteko lehendakariak. Egitasmo xume gisa sortu zena, politikarien eskutik handitzen joan zen; Uztaritzetik, Errobi eskualdera pasa zen, eta azkenean, Euskal Elkargoak proiektuarekin bat egin, eta Ipar Euskal Herri osoan zehar hedatu nahi du.

Bi elkarte ari dira egitasmoa garatzen: Herri Soinu eta Iparraldeko Euskal Dantzarien Biltzarra. «Gune horretan nahi dugu ikusgarri bat egiten laguntzeko tresnak eman, hau da, nola egin dantza mailan, musika mailan, baita administrazio mailan ere, horrekin ur berria ukaiteko eta edateko», esan zuen «Iturburua» izenaren hautapena argituz. «Alimaleko sarea ari gara sortzen, Iparraldekoekin, Hegoaldekoekin, baita Frantzia mailan ere». I. E.