Jon GARMENDIA
Idazlea

Aspaldi

Demagun hogei urte pasa direla, hamar bestela, edo bost, hauta ezazu «aspaldi» deritzozun denbora epe bat, urrun gelditzen zaizuna, biziki urrun. Eta aspaldi ikusi ez duzun pertsonak erraten dizula aspaldiko hura zarela, ez zarela kanbiatu. Ai ama. Hitzez betetako Donald ahatearen mokoa sentitzen duzu orduantxe, baina barrurantz, non erraiak ere minbera utzi dizkizula nabaritzen duzun. Nortaz ari ote da? haserrealdi momentuetan ikatz erre bihurtzen zaren horretaz, edo gozoaldian ardo botila baten beira perfektua dirudizunaz, maitasuna marrazteko jolasetan bizitza zein plazer den dakizunaz, edo bakardade uneetan tristeziak bildutako bihozbera etsiaz. Ezen, egunaren arabera nehor ez baita pertsona bera, dena da aldakor, eta izaera desberdinari atxikia zu ez zara betiko zu, orain egosia orain gordina, noizbait aspaldi bilakatuko den egunaren aiduru. Harrigarri zaizu, ordea, aipamena egiteko ausardia, ez zarela aldatu erran dizunak nola dakien hori galdetzen diozu zeure buruari, aspaldi ez baitzaitu ikusi, ez du zure egunerokoa bizi izan, eta aspaldi hartatik zailtasun eta nekaduraren haizeteek higatu baino ez zaituzte egin; ohartzen zaren arte bera dela aldatu ez dena, zure x inpresiorekin gelditu zelako eta hura elikatu duelako denbora horretan guztian. Nolakoa zaren, onerako eta txarrerako, ondoan duzunak baino ez daki, eta ondoan dituzunak dira zure bizitzaren zutabe, beste guztiak aspaldi gelditu ziren atzean, alferrik da haien esperoan izatea. Ez dira, ez daude.