Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Elkartasun horia Donostian autodeterminazioaren alde

Elastikoak, zapiak, paparreko xingolak... hori kolorez tindatu ziren atzo Donostiako kaleak Kataluniako auzipetuei babesa eskaini eta autodeterminazioaren aldeko aldarria lau haizetara zabaltzeko. Antolatzaileek banatutako aterki horien pean, 4.000 pertsonatik gora izan ziren aldarriarekin bat egin zutenak eta, amaierako ekitaldian, gonbidatu berezi bat izan zen: Montse Puigdemont, Carles Puigdemonten arreba eta eskubide zibilen aldeko ekintzailea.

Eguerdiko hamabiak pasata abiatu zen manifestazioa Groseko Katalunia plazatik, “Konponbidea. Democracia. Llibertat. Elkartasuna aterpe” lelodun pankarta aurretik zuela. Etxetik elastiko, zapi edota bestelako jantzi horiekin bertaratu ziren manifestari gehienak eta antolatzaileek banatu zituzten aterki eta puxika horiek hartu zuten Katalunia plazatik Bulebarreko kioskora bitarteko ibilbidea. Guztira, lau mila pertsona inguru batu ziren Kataluniako auzipetuei babesa eman eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatzea helburu zuen manifestaziora.

Ibilbidea amaituta, Bulebarreko kioskoan egin zen ekitaldian hainbat hizlarik hartu zuten hitza, tartean gonbidatu berezi batek: Montse Puigdemont, Carles Puigdemonten arreba eta eskubide zibilen aldeko elkarte katalanen ordezkaria: «Atzo Bartzelonan eta gaur hemen, eskubide zibilen aldeko oihuz bete ditugu kaleak. Eskerrak eman beharrean nago, preso politikoak ez baitira sekula bakarrik sentitu», esanez hasi zuen Puigdemontek bere parte hartzea. Kataluniako auzipetuen senideei haien bozgorailu izatea egokitu zaiela eta ez direla lan hori egiteaz nekatuko ere esan zuen, «horretarako eskubidea baitugu. Hasi behar ez zuen epaiketa baten aurrean gaude, urtebetetik gora igaro da ahotsa ukatu zigutenetik eta orain indartsuago eta ziurtasun gehiagorekin altxatuko dugu ahotsa».

Puigdemonten aurretik, Gernikako alkate eta alkateordeak, Iñaki eta Joxe Mari Gorroñok, hartu zuten hitza, Kataluniako herriekin senidetuak dauden euskal herrien izenean. Auzipetuei besarkada bidaltzeaz batera elkar ezagutzak dakarren aberastasunean jarri zuten begia eta etorkizunean ere zubi berriak irekitzearen alde lerratu ziren, «etorkizun hobe bat eraikitzeko ezinbestekoa delako». Ostean, Eider Rodriguez idazlearen txanda iritsi zen. Euskal Herriko alor anitzeko 68 herritarrek manifestu solidario bat plazaratu berri dute auzipetuei babesa eskaintzeko, horien artean dago Rodriguez, eta ekitaldian Belen Gopeguirekin batera argitaratu zuen “Korrespondentziak” argitalpeneko zati bat irakurri zuen. «Hitzak bahitzen dira segidan ideiak eta ondoren pertsonak bahitzeko. Hitzaren aldeko borroka lurraren aldeko borroka da. Ixilik nahi dituztelako, ezin dugu ixilik egon», dio jendaurrean irakurri zuen testuko pasarte batean.

Irantzu Perello Erabakizaleak abokatuen elkarteko kideak erreferendumaren legezkotasuna izan zuen hizpide: «Guztiz legezkoa izan zen, suspentsioa beranduegi etorri zelako», defendatu zuen, eta Euskal Herriarekin paralelismoa eginez «hemen ere badugu geurea» esan eta Altsasuko gazteen kasua izan zuen gogoan. Bukatzeko, Gure Esku Dagoko Anjel Oiarbidek hartu zuen hitza eta ekitaldia “Agure zaharra” abestuz amaitu zen, Irati Odriozolak gidatuta.

Demokrazia ezin da epaitu

Manifestazioaren aurretik, prentsarekin mintzatu ziren manifestazioaren zenbait sustatzaile, tartean Anjel Oiarbide, Gure Esku Dago-ko kidea. «Asteartean hasi zen epaiketak ez zuen sekula hasi behar, epaiketa hau historikoa da, aurrekari bat jarri nahi du, arazo politiko baten aurrean soluzio demokratiko bat epaitu nahi da, autodeterminazio eskubidea dago zigorpean eta zerbait argi badaukagu da hitza hartzea eta erabakitzea ezin direla sekula delitu izan», esan zuen, eta epaitzen ari direna demokrazia bera dela salatu zuen. «Demokrazia ezin da epaitu; gaur euskal herritarrak modu zabal eta indartsu batean, elkartasun keinu eta elkarlan bezala, horixe aldarrikatzera etorri gara Donostiara». Maria Eugenia Arrizabalaga EBBko kideak oinarrizko eskubide eta askatasunak «etengabe urratzen» direla salatu eta herriari hitza ematea zilegi dela defendatu zuen, hori «ez delako delitua, demokrazia baizik».

EH Bildutik, Maddalen Iriartek eskerrak eman zizkien antolatzaileei, «bizi dugun momentu historiko-politiko honetan ezinbestekoa baita. Espainiako estatutik datorkigun inboluzioak oso arrisku larrian jartzen ditu herri honek urte luzeetan lortutako lorpen ekonomiko, sozial eta politikoak eta horri herri bezala aurre egin behar diogu, bai kalean mobilizatuz bai erakundeetan lan eginez eta baita herritar bakoitzak dagoen lekutik lan eginaz ere. Sinergiaren eta elkarlanaren garaia da, hau da momentua». ELAtik, Amaia Muñoak atzokoa bezalako mobilizazioen beharrezkotasuna izan zuen hizpide, «errepresioaren aurka eta demokraziaren alde defentsa egin behar delako kaleetan». Kataluniako preso politikoei elkartasuna ere adierazi zien, eta ELAk «borroka horretan beraiekin bat» egiten duela ziurtatu zuen Muñoak. «Espainiak erabaki du gure autogobernuetako markoak ezin direla gainditu eta guk pentsatzen dugu modu baketsu eta demokratikoan hori egitea guztiz zilegi dela eta horren alde borrokatu behar dela», aldarrikatu zuen, amaitzeko.