GARA
LIZARRA

Josu Sanjurjok irabazi du Lizarrako final-laurdena

Josu Sanjurjok irabazi zuen atzo Lizarran jokatu zen Nafarroako Bertsolari Txapelketaren azken final-laurdena, zuzenean finalaurrekoan sartzeko txartela irabaziz.

Aurreko saioetako irabazleak ere zuzenean sailkatu dira finalaurrekoetarako. Tuteran Saats Karasatorre izan zen nagusi, 253,5 punturekin; Urdazubin, Julio Soto (265); Iruritan, Joanes Illarregi (264,5); eta atzo Lizarran, Josu Sanjurjo (263).

Hauekin batera, lau saioak orokorrean harturik puntu gehien lortu dituzten hamalau bertsolariek ere lortu dute sailkatzea. Hauexek dira: Xabier Terreros (257), Eneko Lazkoz (256,5), Sarai Robles (255), Julen Zelaieta (250,5), Xabat Illarregi (250,5), Alazne Untxalo (249), Diego Riaño (248), Aimar Karrika (247), Xabi Maia (247), Iker Gorosterrazu (246), Saioa Alkaiza (245,5), Eneko Fernandez (241), Iban Garro (240,5) eta Joana Ziganda (240).

Martxoaren 3an hasita, hiru finalaurreko jokatuko dira, eta horietako bakoitzeko irabazlea finalera sailkatuko da zuzenean. Sailkapenaren arabera, beste bost bertsolari ere pasako dira martxoaren 23an Iruñeko Anaitasuna kiroldegian jokatuko den finalera.