GARA
Bilbo

Lantegi Batuak Fundazioko langileek greba egun gehiago iragarri dituzte

Aniztasun funtzionala duten pertsonak enplegatzen dituen Lantegi Batuak Fundazioko langileek manifestazioa egin zuten larunbatean, Bilbon, zuzendaritzari beharginen eskakizunak kontuan hartzen dituen hitzarmen duin bat eskatzeko.

Fundazioak 2.000 langile baino gehiago ditu eta urtebete baino gehiago daramate hitzarmenik gabe. Abenduan mobilizazio aldi bat abiatu zuten, eta hilaren 20ko grebarekin itxi.

Urtarrilean mahai negoziatzailearen bilera egin ostean eta zuzendaritzaren proposamena nahikoa ez zela iritzita, mobilizazio gehiago ekitea erabaki zuen enpresa batzordeak, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek babestuta.

Horrela, otsailaren 25, 26 eta 27an eta martxoaren 20, 21 eta 22an greba egingo dute. Hil bereko lehenengo 3 larunbatetarako, halaber, manifestazioak deitu dituzte Bilbon.