GARA
IRUÑEA

Aberri Egunerako, Iruñera eta Donibane Garazira deitu dute EH Bildu eta EH Baik

Aberri Egunerako deialdi bateratua egin dute EH Bilduk eta EH Baik, bi tokitan egingo dena: Iruñean eta Donibane Garazin. Donostian agerraldia egin zuten EH Bilduko Jasone Agirrek eta EH Baiko Anita Lopepek, horren berri emateko. Apirilaren 21ean izango da ospakizuna (espainiar hauteskunde-kanpaina bete-betean beraz, hilaren 28an baitira bozketak).

Aberri Eguna «herritar guztiona» dela eta, hain zuzen, azken urteotan arrazoi horregatik ez dutela deialdi propiorik egin –«ospakizun anitz eta bateratuak egiteko saiakerak» babestuz– ekarri zuten gogora Agirrek eta Lopepek. «Tamalez, orain arte ez da lortu alderdi guztiak eta herritar gehienak biltzea horrelako ospakizun batean», adierazi zuten.

Ildo horretan, aurrera begira bi alderdien borondatea eta konpromisoa berdina izango dela erantsi zuten: «Gure esku dagoen guztia egingo dugu Aberri Egunaren ospakizuna bateratua izan dadin».

Agirrek eta Lopepek ziurtatu zutenez, Aberri Egunaren «moldea eta ezaugarritzea berritu beharra dago, gaurkotu, zabaldu eta biziberritu beharra dago, herri gisako ospakizun bilakatu nahi badugu».

Estatu espainolean abian den «inboluzio demokratikoa» ikusita eta frantsesean izaten ari diren protesten aurkako errepresioak «aurpegi bortitzena» agerian utzi duela, «Euskal Estatu independentea sortzea zinez ezinbestekoa da», nabarmendu zuten biek. «Nazio estrategia baten baitan indarrak bildu eta elkarrekin aritzeko apustu sendoa berresten dugu», gehitu zuten.