Jon ORMAZABAL
Elkarrizketa
XABIER IBARGARAI
PALAKO BURUZ BURUKO TXAPELDUNA

«Txanpona airera bota nuen: tratamenduak on egiten dit edo akabo pala»

Bere ametsa beteta, esne mamitan da 33 urteko atzelari erratzuarra. Hori bai, txapelerainoko bidea bereziki zaila izan da berarentzat. 43 kilo kendu zituen lehiakor izateko, bizkarreko minek iaz arte txikitu izan dute... baina hainbeste sufritzeak lortutakoa gehiago baloratzea omen dakar.

Hainbeste kostatako txapela ondo gordeta omen dauka. Bi urteko semeak leku berezi bat gorde omen dio bere gelan.

Aspaldiko ametsa beteta?

Hala da, urte askotako lanaren fruitua izan da, hamaika urte eta lau final jokatu ondoren, azkenean ametsa beteta.

Bide bereziki zaila izan da zurea, gainera...

Oso-oso zaila, banituen zenbait arantza sartuta. Iaz ezin izan nuen finalerdia jokatu bizkarreko arazoengatik. Debutatu eta gutxira, Bilboko Deportivon bizkarrean zartada bat eman zidan eta ordutik beti arazoekin ibili naiz. Azkenean, hernia diskal bat neukan eta iazko finalerdiak ez jokatu izanak indarra ematen zidan. Zorionez, bizkarra ondo dago, tratamenduak ondo egin dit, eta alde horretatik, pozik.

Kolpe latza izan zen iazkoa, 32 urte, sasoi onenean... edozeinek amore emango zukeen...

Azkenean, txanpona airera bota nuen: tratamenduak on egiten dit edo hemen geratzen da. Zortea izan dut eta lana serio egin dut. Esan zidaten lana egin behar nuela bizkarra zaintzen, tratamendua ona zela, baina eguneroko lana behar zuela. Egunero bizkarra zaintzen dut, ariketak egiten ditut. Sufrimendua, lana… baina azkenean txapela etxera.

Esperantza galtzen da uneren batean?

Hemen burugogorra ez bazara eta ez baduzu lanean jarraitzen, orduan bai ez duzula ezer egitekorik. Banekien nire aukerak hor nituela, aurreko finaletan ez zidaten nire maila ematen utzi, baina banekien Esteban [Gaubeka] ez zela besteak bezain deserosoa niretzat.

Eta hori?

Bere jokatzeko era nirearen oso antzekoa da, piloteatu eta partida luzatzea. Ni hor oso gustura ibiltzen naiz, ze berez oso pilotari hotza bainaiz eta hori behar dut, piloteatu eta partidan sartu. Aurrekoetan, Pablo [Fusto] eta Ibaik [Perez] ez zidaten une bakarrean ere nire jokoa egiten utzi, nire aukerak ez nituen aprobetxatu eta oraingoan banekien aukerak izango nituela.

Baina finala ez zen inondik inora erraza izan...

Ez, ez. Bera ezer oparitzen ez duen aurkari horietako bat da, tanto guztiak egin behar zaizkio eta oso zaila da. Zerbaitegatik ditu bost txapela, aldagelan berari ere esan nion niretzat historiako palistarik onenetarikoa dela, onena ez bada. Bere jokatzeko eta izateko era oso lehiakorra da eta pilotari ikaragarria da, hemendik aurrera ere, 41 urte ditu, baina datorren urtean ere hor ibiliko da lehian.

Entzun nizun afizionatuetatik erabiltzen ez zenituen posturak berreskuratu dituzula...

Bai, nire aurkariek bazekiten nire ahulgunea non zegoen, baina ez zekiten zergatia, ez nuen ezer esaten. Pilota eskuinera gora etortzen zitzaidanean ezin nion gerriari jira guztia eman, ezin nion pilotari kolpea tira eta frontisean sartzera joaten nintzen bakarrik edo minarengatik kale egiten nuen. Inork ez zekien, sekula ez nuen esan. Goiko postura berreskuratu dut, azkenean postura hori herrian xuabe-xuabe entrenatzen joan naiz, baina xuabe-xuabe jota, partidetan ez duzu ezer egiten, bizkarreko arazoak kendu ditut, orain ondo nago eta nire aurkariek ezagutzen ez zituzten posturak erabiltzen hasi naiz. Baina niretzat naturalak ziren, ze afizionatuetan erabiltzen nituen.

Inoizko unerik onenean zara?

Bai, kantxan gozatzen ari naiz. Egia esan, oso pozik nago, ze ez nuen uste halako maila emango nuenik. Banekien bizkarra ondo bazegoen maila hau emateko gai nintzela, baina orain arte bizkarra ez da ondo egon.