Imanol Esnaola
Gaindegiako koordinatzailea
GAURKOA

Nazio garapena 2018

XXI. mendean murgiltzen doa Mendebaldeko zibilizazioa. Aro honen ajeak eta aukerak ikusten hasita gaude estaturik gabeko herriak. Nork bere buruaz erabakitzeko eskubidea aspaldian ez bezain presente egon da 2018an; horra hor, besteak beste, Brexitaren auzia. Burujabetza hizpide hartzeak, ordea, lehen lerrora ekarri du gutxietsitako kontzeptu ezagun bat: lurraldea. Atzerrian bezala gurean ere lurraldearen gaineko burujabetza prozesuak egituratu beharra sentitzen hasi da hainbat talde sozial. Frantziako “txaleko horien” borrokak edo lan harremanetarako euskal esparruaren aldarrikapenak kezka bera dute oinarrian. Tokian toki duintasunez bizitzeko egitasmo egituratzaileei loturik doa XXI. mendea.

Naziogintzari dagokionez, zama handiko efemerideen urtea izan da 2018a. Mende bat Eusko Ikaskuntza sortu zela, 50 urte bete ditu euskara batuak… Halaber, Euskadi Ta Askatasunak 60 urte beteta bere burua desegin du. Euskal Herriaren hegoaldeari erabakitzeko eskubidea ukatzen dion Konstituzioak 40 urte bete ditu eta ez du berritzeko asmorik. Eta abar.

Izango da XX. mende hasierako urrats haiek gutxiesten dituenik, baina onar diezaiegun bere baitan duten balioa. Eusko Ikaskuntzak Euskal Herriaren historian inoiz egin den gogoeta sakon eta zabalena egin du, hamaika gabezia eta beste horrenbeste eduki berri azaleratzen lagundu duena. Euskaltzaindiak euskal hiztun komunitatearentzat jarduera arauemailean dihardu eta babes zabala du bere bidean jarraitzeko. Ez dago herri xedez Euskal Herria osorik hartzen duen beste jarduera arauemailerik. Gaur egun gai izango ginateke beste horrenbeste egiteko? Udalbiltza indargabetu zutela 15 urte bete dira 2018an.

Europan bere herri xedea modurik argienean adierazi duen komunitateetako bat izan arren, herri-arkitektura soziala primarioa eta prekarioa du Euskal Herriak, 2018ak bistan utzi duenez. Esaterako, mundu digitalean Euskal Herriak behar duela bere arkitektura digitala eta honen gaineko burujabetza. Ramon Zallok urriaren 26an Iruñean eman lezioak balio izan zuen «Eusko Digilandia» behar dugula jabetzeko. Aldiz, sozioekonomia alorrean (Bilbo 2018-11-06) lan harremanen euskal eremua eta ongizatearen euskal paradigma lurralde guztietan sintonizatzeko premia azaleratu zen. Horregatik diogu, 2018ak balio izan duela nazio garapenerako egun dugun arkitektura hori primarioa dela jabetzeko. Bestela esan nahi bada, gure herriaren geroak eta ongizateak eragiletzarako unitate gehiago behar dutela esan diogu elkarri. Betiere, gure lurraldean elkarlan eta bizikidetza espazio komun bat eratzera iristekotan.

Antza, aurreko mendean Euskal Herri egituratu hori egitura instituzional zamatsuen bidez irudikatzen baldin bagenuen, badirudi XXI. mendean behetik gorako organizazioen federaziotik etorriko dela. Joandako urteak adibide aski interesgarriak utzi dizkigu. ChrysallisEH elkarteak (egun, Naizen izenekoa) Espainiako federaziotik askatu du bere burua Hego Euskal Herriko errealitateari erantzuteari lehentasuna emateko eta Ipar Euskal Herrian ere jarduten hasteko. Oneka euskal emakume pentsiodunen elkartea sortu izana maila bereko urratsa izan da. Egoera zailenean daudenek erakutsi digute bidea. Arrasto berean beste hainbat sektoretan lurraldea ardatz duten sare berriek gorpuzten jarraitu dute 2018an: Labore dendak, Errigora dinamika, tokiko ekonomia sozialeko elkarteen saretzea, zonifikazio linguistikoa gainditzeko udal nafarren mugimendua, gazteek sustatutako Euskarabentura, Euskaraldia, erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikak... 2017an ELA eta LAB langile sindikatuek sinatutako hitzarmenak 2018an bere bidea egin izan balu…

Eusko Ikaskuntzaren Kongresuak utzi duen dokumentazio ugariaz gain, nazio garapenarekin arduratutako egileen argitalpen saldoa ezagutu dugu 2018an (Jauregizuria eta beste, Azkoaga, Bidegain…). “Naziomarkagintza” izeneko liburuan (Jauregizuria eta beste) Ibarretxe eta Espiauren artikuluko esana hartuz: «berrituko dugu giza garapen iraunkorrerako gure konpromisoa edota berdintasunik ezaren uholdeak eraman gaitzan utziko dugu?». Herri xedea.

Dena den, Asisko Urmenetak urte osoa eman du herri kolonizatuaren ajeak umorez azaltzen bere liburu ilustratuarekin (geure sumisio eta autoestimu falta hizpide hartuta); Jon Maiak, berriz, bere “Hezur Beltzak” diskoarekin itxi du urtea gogoraraziz Euskal Herria aitarena ez den bere etxetzat dutela askok, bertan sortua ez izan arren. Euskal Herri berria. Azken gogoeta hau ezin egokiago etorri da migranteentzat harrera politika propiorik eza inoiz ez bezala nozitu dugun urtean. Geure migrazioak jaso izan duen babesa ezin eskaini gurera etorri berriei.

Hedabideek, ordea, herri xedea duen prozesu hazkor horri ez diote lehentasunik aitortu. Urte osoan zehar, menderatzen gaituzten estatuen gaiak, ikuspegiak eta lehentasunak nagusitu dira. Kontraprogramazio nabarmena bizi izan dugu gizarteko auzi mingarrienetan, besteak beste, pentsiodunen mugimenduan edo dinamika feministetan eragin nahian. Kultura eta eguraldiaren tarteari itxaron behar izan diogu sarri ikuspegi autozentratuetara iristeko.

Euskadiko Autonomia Erkidegoko estatus berriaren inguruko dinamika parlamentarioak eduki horietako gehienak sintetizatzeko indarra izan bazuen ere (erabakitzeko eskubidea, gizarte segurantzaren kudeaketa, lan harremanen euskal esparrua…), herritarren bultzada falta izan zaio eta Gasteizko Legebiltzarrean gehiengo parlamentarioaren agiria besterik ez du ekarri, herri olatua 2019an etorriko ote da? Horren ikusgarria izan ez bada ere, aipagarria izan da Herri Elkargoaren eta eragile sozialen lana Ipar Euskal Herriari lurralde koherentzia gordeko duen agenda herrigile bat emateko, historikoa.

Nazio garapena beraz, ekimen sozialeko prozesu eratzaileetatik joan da. Prozesu hauek, ordea, luzeak izan ohi dira, baliabide ugari xahutzen dute eta pizgarririk ezean nekez biltzen dute egoera aldatzeko behar duten inertzia.