Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

Kulto Kultibo rap taldearen «esentzia», disko batean bilduta

Irungo taldeak hirugarren diskoa osatu du azken hiru urteetan Youtuben bideoz bideo kanta pila bat aurkeztu ostean. Harrera ona izan dute eta horrek kontzertu eta jaialdietarako ateak zabaldu dizkie. «La esencia» lanarekin zuzenekoetarako prest daude.

Pecak, Samuk, Setak eta Aimarrek Kulto Kultibo rap taldea osatzen dute; bi MC, DJ bat eta soinu teknikari bat besterik ez dute behar izan Irunetik salto egin eta, Euskal Herriko mugak gaindituz, estatuko hip-hop panoraman euren txokoa egiteko.

2008an grabatu zuten euren lehen maketa eta jada hirugarren diskoa dute besazpian, “La esencia” (Baga biga) deiturikoa. Aurretik “7 días” eta “Ahora o nunca” etorri ziren. Azken urteetan sare sozialen eta plataforma berrien marea horretan euren olatua harrapatzen saiatzen ibili dira, etenik gabe, euren esku dagoen guztia egiten. Hori dela eta, Youtuben pixkanaka kanta berriak aurkezten joan dira, harrera onarekin.

Horiek guztiak bildu eta disko berrian elkartzea erabaki dute orain, beharrik ez egon arren –talde gehienek egiten duten hautua disko digitala soilik ateratzea izaten da–, CD euskarria gustuko dutelako. Binilo txikiaren itxura eman diote 22 kanta batzen dituen bildumari.

Digitaletik euskarri fisikora

Diskoa duela 8 hilabete online argitaratu zutela esan daiteke. Ritxi Aizpuru ekoizleak azaldu zuenez, «lehen zuzenekoak egin ondoren egiten zuten diskoa, orain diskoa ateratzen dute gero zuzenekoak egiteko», eta hori izan da Kulto Kultiboren kasua.

Bere ustez, oinarri xumeak eta egiteko modu xinpleak ditu taldeak, baina oso testu indartsuak egiten ditu, «borobilak eta identitatez beteak». «Ama aipatzen dute askotan, emakumeei zuzendutako kanta bat ere badago. Testuen bidez gizartearen aldaketa aldarrikatzen dute. Diskoak zeresan handia ekarriko du», nabarmendu du.

Aimar soinu teknikariaren esanetan, «lapiko batean sartu ditugu kanta guztiak», eta horren emaitza izan da “La esencia”. Taldearen esentzia. «Gure helburua ondo pasatzea da. Lagunak gara eta egiten duguna gustura egin nahi dugu», gaineratu du.

Samu MCak azaldu du aurretik zituzten abestiei zazpi edo zortzi gehitu dizkietela. «Topera gaude», esan du. Pecak, taldeko beste MCak, gaineratu du ahalik eta jaialdi gehienetan egoten saiatuko direla aurten, eta datorren urtera begira disko berria prestatzen saiatuko dira. Horri koherentzia apur bat ematen saiatuko dira, landua izan dadin, “La esencia” «nahasi» samarra delako. Horrek ez du esan nahi txarragoa denik. Samuk azaldu duenaren arabera, «etxean idatzitako kantak dira. Batzuk indartsuagoak dira, kontzertuetan kaña ematea gustatzen zaigulako, baina beste batzuk lasaiagoak».

Diskoan landu dituzten gaiei dagokienez, gazteen kezkak islatzen dituztela uste dute, nahiz eta «50 urteko gizon-emakumeek ere uler ditzaketen».

Euren baliabideekin

Abesti bakoitzak bere bideoa dauka, taldearen Youtubeko katean ikusgai. Go Pro kamera erosi zuten eta bideo-muntaketa tutorialak ikusiz, euren baliabideekin bideoak egiten joan dira. «Zarata asko ateratzen dugu Youtuben. Badakigu jende gazteak bideo bidez kontsumitzen duela musika asko», azaldu du Samuk.

«Hiru urte eman ditugu bideoz bideo kanta guztiak ateratzen. Youtuben sekulako erantzuna izan dugu eta horri esker kontzertuetarako deitu gaituzte», esan du Pecak. Samuk gehitu duenez, aurreko urtean euren kabuz bira bat prestatu zuten, eta ahoz aho ere zabaldu dela euren ospea. «2018an 40 hitzordu izan genituen estatu mailan. Dena geure kontura, eta ez dugu inongo arazorik izan; beraz, horrek animatu egin gaitu eta indarra eman digu orain jaialdiei begira jartzeko», zehaztu du Aimarrek.

Hala, Kulto Kultiboren izena jada agertzen da jaialdi batzuetako karteletan: Albaceteko Viña Rock-en (maiatzaren hasiera), Alacanteko Rabolagartija-n (abuztua) eta Irungo Expogrow-en (apirila) izango dira. Gertuago dituzten hitzorduei begira, Durangoko Plateruenan izango den Rap-Reggae Party-n joko dute martxoaren 30ean, Calero LDN & Purini Madness, Garolo eta DJ Lororekin batera.