GARA
Bilbo

PSEri konponbidea eskatu diote La Navaleko langileek

La Naval ontziolako langileak PSEren Bilboko egoitzaren aurrean protesta egin zuten atzo eta enpresa-batzordeak langileen «deserriratzea» ez den «beste konponbide» baten alde egin zuen.

La Navaleko langileak PSEren egoitzaren aurrean elkartu ziren atzo, egoerari «bide politikotik» konponbidea emateko eskatzera. Manifestazio bat egin zuten goizean, Moyua plazatik PSEren egoitzaraino.

Gaur, 11.00etatik 12.00etara, Sabin Etxearen parean elkarretaratzea egingo dute; bihar, berriz, goizean PSOEren Madrilgo egoitzara eramango dute protesta eta, arratsaldean, Reyes Maroto Industria ministroarekin bilduko dira.

Juanjo Llorden enpresa-batzordeko idazkariak kexa plazaratu zuen langileen egoerari konponbide politikorik topatzen ez diotelako. «Bide politikoa izango litzateke La Naval eta Ezkerraldeko arazoari heltzeko konponbide bakarra». Gogorarazi zuen, halaber, «3.000 edo 4.000 lanpostu» galtzeko arriskuan daudela.

Azpimarratu zuen gobernuek «gauzak konpontzeko borondatea» izan behar dutela, «baina hori ere ez daukate». Haatik, espero dute bihar Industria ministroarekin egingo duten bileran «aurreko bilerek eman ez duten konponbideren bat» erdiestea.

Deserriaren eskutitzak

Llordenek nabarmendu zuen «epeak agortzen» ari direla, eta gogorarazi SEPIk eskutitzak bideratu dizkiela Navantiako beste zentro batzuetan birkokatuko dituzten 150 langileei, jakinarazteko nahiago duten norakoa aukeratzeko hamar eguneko epea bihar, martxoak 15, amaituko dela.

Enpresa-batzordeak SEPIren baldintza betetzeko eskatu zion pertsonalari, baina idazkariak berretsi zuen ez dela hori langileek nahi dutena, «bilatzen dutena beste konponbide bat da, ez deserria».

Bere iritziz, «egingarriagoa» litzateke SEPIk nahiz Navantiak Van Oord-en dragaren aktiboak erostea eta gobernuek ontziolaren instalazioak alokatzea, ontzia La Navalen bertan bukatu ahal izateko. Aterabide honek mila pertsonarentzako 20 hilabeterako lana sortuko luke.

Bestalde, aurreratu zuen batzorde negoziatzailearen gehiengoak, UGTk salbu, kontratuen iraungipenaren aurkako helegitea aurkeztuko duela.