GARA
donostia

Esku-hartze sozialeko langileak «hitzarmen duin» baten alde mobilizatu dira

Gipuzkoako esku-hartze sozialeko langileek «hitzarmen duin» bat erdiesteko protestak abiatu zituzten atzo. Goizean, auto karabana egin zuten Donostiako Garberatik, eta Hedatzen patronalaren egoitzetan, langileen aldarrikapenak jasotzen dituen gutunaren aleak banatu zituzten. Jendartelana Gipuzkoako Esku Hartze Sozialeko Langile Asanbladak deitu zuen mobilizazioa, eta CCOO eta LAB sindikatuek babestu zuten.

ELAk, bere aldetik, elkarretaratzea deitu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiaren parean. Negoziazio mahaiko hiru sindikatuek plataforma bateratua aurkeztu zuten, baina ez zituzten ekintza bateratuak antolatu.

Negoziazioak geldirik

Alta, ELAko arduradun Maite Beitiak elkarretaratzea egin aurretik dei egin zien gainerako sindikatuei aurrerantzean protesta bateratuak deitzeko, sektoreak pairatzen duen egoera «larriari» erantzuteko.

Halaber, gaineratu zuen hitzarmenaren «negoziazioak» geldirik daudela, Hedatzenek uko egin diolako bere proposamena moldatzeari, zeinak, sindikatu honen arabera, langileen lan baldintzak okertzen dituzten neurriak jasotzen dituen.

Beitiak nabarmendu zuen esku-hartze sozialaren sektorea askotarikoa dela, eguneko zentroetako beharginak nahiz preso ohiak gizarteratzeko zerbitzuetakoak ere barnebiltzen baititu.

Horrez gain, administrazio publikoen inplikazioa galdegin zuen, izan ere, haren iritziz, haiek dira tutoretzapeko pisuak kudeatzeko enpresak azpikontratatzen dituzten «zerbitzuen arduradunak».

Atzo egindako elkarretaratzearen gisako beste protesta batera deitu du ELAk, apirilaren 3rako, Donostiako udaletxe parean.

Gipuzkoan, gutxi-asko 3.000 pertsonak egiten dute lan sektore honetan, dela tutoretzapeko pisuetan, dela ludoteka, haurtxoko nahiz gisa honetako beste lanpostu batzuetan.