GARA
Bilbo

Grebaren ondotik, ekintza sindikal feminista garatuko du LABek

Martxoaren 8ko greba feministak LAB sindikatua «indarberritu» duenez, «lantokietan ekintza sindikal feminista garatzen jarraitzeko» konpromisoa hartu zuen zentralak. Aldarri feministak agenda politikoaren erdigunean kokatu direlako poztu ziren sindikatuko ordezkariak, baina argi ohartarazi zuten: «Aurpegi zuriketarik ez dugu onartuko».

Martxoaren 8ko greba feministaren ondotik, emakume langileen egoerari buruzko irakurketa egin zuen atzo LABek Bilbon. Sindikatuaren idazkari nagusi Garbiñe Aranbururen esanetara, «aurreko urteko plantoaren emaitza izan dira azken urtean, batez ere sektore feminizatuetan, ireki diren borrokak, eta borrokaren emaitza izan diren akordio duinak».

Iazko grebak irekitako bidea berretsi eta sakondu du aurtengo plantoak, eta Aranbururen hitzetan, «emakumeok bizi dugun diskriminazio egoerei aurre egin eta LABek bere eredu sindikal feminista garatzen jarraitzeko baldintza berriak sortu ditu Martxoaren 8ak».

Sindikatuaren batzorde exekutiboko kide den Arantxa Vazquezek esan zuen greba feministaren ondotik «argi» geratu dela «eredu berri baten alde dagoen gehiengoa garela».

«Indarrean dagoen sistema kapitalista eta heteropatriarkala zalantzan jartzea lortu dugu guztion artean; bizitza erdigunean jarri, lan guztien aitortza egin, lan guztien banaketa eta aberastasunaren banaketa ekarriko duen eredu berri baten alde egin dugu kalean zein lantokietan», esan zuen.

Aldarrikapen feministek, berretsi zutenez, agenda politikoaren erdigunea ere hartu dute, baina zalantzati agertu ziren horrekin, «mugimendu feministaren diskurtsoa bereganatzea edo greba eta mobilizazioekin bat egitea ez dela nahikoa» esanez. Instituzio publikoei «neurri zehatzak» hartze eskatu zieten, eta ohartarazi zuten: «Aurpegi zuriketarik ez dugu onartuko».

Eginak

«Euskal sindikatuak mugimendu feministarekin eskuz esku aritzeak aliantzak indartzeko balio izan du. Lan merkatuan zein lan merkatutik kanpo gertatzen denaren arteko lotura ikusaraztea lortu dugu guztion artean», nabarmendu zuen Vazquezek.

Hala, LABek emakumeen lan baldintzen prekarizazioaren aurka egiteko M8aren karietara egindako ekimenak zerrendatu zituen batzorde exekutiboko kideak. Kasurako, sindikatuaren Emakumeen Nazio Batzarrean 250 emakumetik gora bildu ziren, eta soldata arrakalaren auzia hainbat esparrutan salatu dute: Osakidetzako Gasteizko Zerbitzu Zentraletan elkartu ziren, Emakunderen egoitza okupatu zuten eta Nafarroako Parlamentua nahiz Berdintasun Institutua interpelatu eta soldata arrakala amaitzeko Lakuaren «propaganda» neurriak deitoratu zituzten, beste ekintza batzuen artean.

Bestalde, Vazquezek greba feministaren egunean bertan jazotako batzuk salatu zituen. «Osakidetzan, erantzun gisa, Ertzaintza deitu zuten gure lankideak identifikatzeko eta gure salaketa eta aldarrikapenak oztopatzeko», esan zuen. Halaber, baietsi zuen hainbat enpresa publiko (Osakidetza, adinekoen egoitzak, eta abar) zein pribatu (Eroski, adibidez) «lehenengo momentutik» langileak ordezkatzen saiatu zirela, «greba batean hori ezin dela egin jakin arren».

Era berean, Lakuak gehiegizko gutxieneko zerbitzuak ezarri zituela kritikatu zuen: «Nabarmena da nola grebetan gutxieneko zerbitzu altuak ezartzen diren eta, aldi berean, egunerokotasunean zaintzarako zerbitzuetan (egoitzetan, etxez etxeko laguntzan, eta abar) langile ez nahikorekin emateko izugarrizko apustua egiten den erakunde publikoetatik».

Egitekoak

Aranburuk, aldiz, oraindik ere egiteko dauden sindikatuaren aldarrikapenak aipatu zituen. 1.200 euroko soldata, lan guztien aitortza eta diskriminazio egoerak amaitzeko neurriak hartzea dira LABek defendatu zituen aldaketa batzuk.

Zaintzari lotutako neurriak ere proposatu zituen, «egungo ereduak emakumeok zaintza lanetara kondenatzen baikaitu». Hala, zaintzarako euskal sistema sortzearen alde egin zuen.