GARA
GASTEIZ

Osakidetzako profesionalek 629 eraso, ahozko zein fisiko, salatu zituzten iaz

Osasun Langileen Kontrako Erasoen aurkako Egunaren harira, Lakuako Osasun Sailak zero tolerantziako politikarekiko konpromisoa berretsi zuen, Osakidetzako profesionalen aurkako indarkeria mota guztiak amaitzeko. Adierazpenok egin zituen joan den urteko txostenaren aurkezpenean.

Bertan Osakidetzako profesionalen 629 salaketa jasotzen dira. Lesioak eragin zituzten erasoak %24 izan ziren, aurreko urtean baino gutxiago (%14,5 egin zuten behera). Lesiorik gabeko erasoak, aldiz, %76 izan ziren (2017an baino %5,7 gehiago). Talde profesionalei dagokienez, jakinarazpen gehiago egon dira langile gehien dituzten eta paziente eta senideekin harremanik handiena duten horietan, mediku eta teknikarien artean, diplomadun sanitarioen artean zein teknikari laguntzaile sanitarioen artean.

Emakumeek jarri zituzten salaketa gehiago, «langile gehienak ere emakumeak diren heinean». Azken urtean, osasun arloko profesionalenganako begirunea eskatzen duen sentsibilizazio kanpaina egin da, “Erasoak STOP” leloarekin, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako osasun zentro, ospitale eta osasun arloko gainerako erakunde guztietan, baita hedabide eta sare sozialetan ere. Gainera, neurriak hartzen ari dira prebentzioari begira.

Profesionalen aurkako erasoen inguruko esku-hartze guztiak Osakidetzaren protokoloari jarraituz gauzatzen dira.